Nekazari hitza ‘nekatu’ aditzetik ote datorren jakiteko, zein gaur baino egun aproposagorik? San Isidro baita gaur, nekazarien zaindariaren eguna. Jakina da astegunetan soroan aingeruek goldatzen ziotela lurra, bera, ardi zaharra etzanda hausnarrean bezala, otoitzean omen zegoen bitartean. Jendeak ez dakiena da, ordea, asteburuetan, Moises eta Jesus adiskideekin batera, golfean aritzen zela Isidro, Jarama ibaiaren ertzean. Horra behingo kasua.
Hasi da Moises. Jartzen du pilota lurrean, hartzen du makila eta danba! Pilota, Jaramako uretara. Moises, lasai. Sartzen du makila lurrean, zabaltzen dira ibaiko urak, ematen dio berriro pilotari eta… zulora zuzen. Ondoren, Jesusen txanda. Astintzen du makila, danba!, eta hari ere uretara ihes egin pilotak. Hara, bada. «Zaudete pixka bat» esan eta ibai gainetik abiatzen da oinez, ematen dio pilotari (orduan pilotek flotatu egiten zuten) eta… zuzen-zuzen zulora, zera!
Hurrena, Isidro. Begiak zuringotuta errezatzen-edo ari baitzen orduan ere, mugi zedila esan behar izan zioten, hasteko. Pilota nolabait jo eta errekara. Uretara baino lehen, ordea, arrain batek urpetik irten eta jaten du bola. Urpera murgil egin aurretik, kaio-potorro batek irensten du gero airean arraina. Tximista batek geroago hegaztia jo eta, kiskalita, eraisten du lurrera. Lurrean hilik, mokoa zabalik, irteten zaio ahoko zulotik pilota eta, piririka, zuzen zulo erdira.
Nekazaria izango zen, noski, Isidro Torrelagunan; baina ez horratik nekatzen zena, nekez aritzen zena baizik; hau da, kolpe zorririk jo gabe, oso gutxitan lan egiten zuena, beti astiari eta aisiari jarrita. Ez baita gauza bera.
Bizargorri, 2013-05-15