>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

AMATXU NEGARREZ

Aspaldiko partez aurten, futbol ligako sailkapenean, Reala Athletic baino gooorago dabilenez (athletizaleek noski egingo luketen moduan), balia dezagun gure bolada ona, aprobetxa dezagun haien ikareria, kakeria, burla-haizerako. Uki ditzagun giharrean eta jo diezaiegun bibolina. Jo diezaiegun bibolina, adarra, harpa, gitarra eta tronpeta; ez taberna zuloan soilik, baita prentsa paperean ere, zer arraio gero!

Bezino edo etxekoneko ditugun aldetik, errespetua merezi dutela gizalegez? Zakurraren bibolina! Zenbat irri eta zirri egin ez ote diguten, okasio zale laineztu halakoek, gure txakal aldietan! Zenbat burla ez, temoso zikin amorratuek! Gu, mukizu zoldatsu herbal, beti; haiek, harro tente potente, betiko. Aurten, baina, pozik gaude gu hemen eta arpegi baltz haiek han. Gure txanda da jorako.

Topo egin dute atzo bi gizasemek trenean eta hasi dira berriketan. Zu, Donostiakoa? Ba, ni Bilbokoa, hara. Zu musikaria zarela? Baita ni ere, alafede. Bibolina jotzen duzula zuk!? Hauxe da kasualitatea: neu ere biolinista nauzu. Eta horrela… Halako batean, bilbotarrak: «Begoñako katedralean jotzen dudanean nik, gure Amatxuri malkoak irteten zaizkio begi bietatik».

Eta donostiarrak: «Ba, aurreko batean, Artzain Onaren elizan, nire bibolin saioa egin eta gero, beso zabalik jaitsi zitzaidan Jesukristo gurutzetik, eta hala esan zidan: ‘Hik, motel, askoz hobeto jotzen duk! Askoz ere hobeto, Bilbon gure Ama aldiro negarrez uzten duen beste txorimalo kaskilak baino. Alde ederra zagok hemendik hara, alde ederra dagoenez Donostiatik Bilbora, bibolinetik bilbolinera!’». Jainkoak esana, amen. Haiek han eta gu hemen.

Bizargorri, 2013-05-29

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


mayo 2013
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031