>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

LAUROGEI

Laurogei urte gainean ditut, nago potrotako minez… Aspaldi agindua nion nire buruari negarrik hemen ez egitea. Baina negargura etorri zait berriro. Aspalditxotik galarazia nion nire idazlumari euskararen egoeraren tristearen tristurari lerrorik ematea. Baina begien bistan egunero dudana ikusirik, ezin eutsi diot negar-zotinari. Arrotz sentitzen bainaiz, ezen ez harro, etxeko ataritik harago.

Laurogei mila urtean euskara jendea izan da hemen. Oiasso, Ponpelon, Lapurdum… Ez bide da galdu oraindik euskara, zaharretan zaharrena, o! Bidea galdu du, ordea, gaurgero. Euskara ez dabil ez kalean, ez arrantzan, ez bulegoan, ez ikastolan… Euskalduna, euskara duena, arrotz eta estrainio da non-nahi. Non ez nones? Nire inguruan, bederen; eta ingurua zabaltzen ari da, zaabaaltzeen… Hizkuntza oro errepika da eta gurean errepikatzen den bakarra agur da: agur-agur, vascoa segur. Hutsa eta putza. Inguru hizkuntzen bonbardaketa medio, nor mintzo zaio dagoeneko euskaraz bere buruari? Erdaren zaparradaren aurrean, euskal etxean zenbat oilo busti?

Duela laurogei urte doi, 1933an, hara Manezaundik zer idatzi zuen Iruinen iruinsemeez: «Oraiko gazteek zahartu baino lehen ikhusiko dute ephe horren barne Nafarroako hiri nagusiak nola galduko dituen eskualdungo erro guziak, gure arbasoekin ditugun lokharriak urraturik (…). Eta abiadura lerrakor hortan yarraikirik, azkenian arrotza arrunt nausituko da gutaz. Horra gure etorkizun hitsa. Gure Nafarroa dohakabean ikhusiko ez denik ez da». Ikusiko ez denik ez da Iparrean zein Hegoan, nahiaren eta ezinaren gure lurrik maitatuenean. Gure aipamenak izango dira beste laurogei urtean?

Bizargorri, 2013-06-12

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2013
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930