>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

TIKARENAK

Munduan asko bezala (azkenaldian, batik bat), gizaseme bat lan bila zebilen, zain eta muin. Tika zuen, ordea, nerbio tika begian, eta nahiko lan gizajoak. Joan da behin saltzaile on baten atzetik omen zebilen agentzia batera, eta hartzen du Montoia jaunak. «Begiratu dut zure curriculuma, eta argi dago gure lanpostu honetarako balekoa ez ezik, aukera-aukerakoa dirudizula. Baina, ai ene bada!, ezin bezeroei bidaliko diegu inor, ari-ta-ari, begi bat kliskatzen ari zaiena, zigi-zigi!». Eta gure gizonak: «Baina badut, jauna, nire gaitz honentzako erremedioa: aspirina parea hartuenean, akabo, ez dut jada begi keinurik egiten batere». «Ea, ba, erakutsidazu», Montoia jaunak.

Lan eskekoak orduan sartzen du eskua txamarra poltsikoan eta hara non ateratzen zaion kondoi mordoa, kolore eta tamaina askotariko piloa. Atzenean, behintzat, ateratzen ere ditu bi aspirina. Hartzen ditu biak eta, baiki, kito haren begiko nerbio klikarenak… Harri eta belarri eginik, agentziako Montoiak: «Txundituta utzi nauzu; zeharo txundituta. Baina, ai ene bada!, gure enpresan ez ditugu nahi saltzaile gonazale zakil beroak». «Zer diozu, baina!? Gonazale zakil beroa, nor?, eta ni!? Ezkondua nauzu-eta, zintzo asko ezkondua ere. Baina, baina…», erantzun zion, begiak arranpalo, gure gizaseme gizajoak.

«Baina, baina: arrainak arrain usaina ‒agentzia-buruak‒. Kondoi horiena, zer? Zer dela eta? Zer egiteko? Zeuk esango didazu…». Aulkian, orduan bai, lasaiago jarrita, eroso bezain animoso, honela eman zuen auziaren zuriketa gure gizonak: «Zer, zer…!? Zertzeta, burruntzian erreta. Hori al zen zure goganbeharra? Hori…!? Begira. Zoaz astero-astero farmaziatara; eta, botikaz botika, begia tik-tik duzula keinuka, eska itzazu aldiro bi aspirina. Ikusiko duzu zer ematen dizuten, ikusiko duzunez. Kondoia, montoia!».

Bizargorri, 2013-06-19

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2013
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930