>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

MATA HARI

Gaurko egunez, duela 137 urte, jaio zen Herbeheretan Margaretha Geertruida Zelle, munduak gerora Mata Hari izenez ezagutu izan duena. Ezagutu ez ezik, baita miresmen sekretu halakoxe batez gogoratu ere betiko. Ez nator hona haren bizitza nire hitz motzetan kontatzera (interneten duzu zehatz eta zehe). Zilegi bekit, ordea, zertzeladatxo batzu-batzuk bederen ematea, agian ez dituzu-eta gogoratuko.

Ama Java irlakoa zuen. Beraz, harexen ekialdeko gorpuzkera ezti ederrak izaki, dantzari famako ibili izan zen urtetan Parisen. Baita gorteko dama ere; dama biziki irrikatua. Eztia darion abaraska bezala omen ziren haren ezpainak, olioa baino leunago haren lepoa. Harengatik ere esan liteke titi baino haur gehiago izan zuela. Izan ere, gizonezkoak, giza ume, beso-magaletara erruz eta erreguz errenditu baitzitzaizkion. Aginteko militarrak, politikari ahaltsuak, aberats potoloak…

Baina behin, egiaz eta gezurraz frogantzak eginik, H21 agente alemantzat hartu, espia traidoretzat jo, epaitu eta heriotzara kondenatu zuten. Notizia Frantzian sua lastoan bezain laster hedatu zen. «Emagaldua ni? Bai! Traidorea ni!? Ez eta ez!», defenditu zen dama ederra. Kartzelan zela, soinak txukuntzeko baimena eskatu eta, gero, larrugorritan agertu zitzaien zaindariei, kasko prusiar batean bonboiak eskaintzen zizkiela.

1917an, Vincennes-eko mendipe bakarti batean fusilatu zuten. Hamabi ziren doi soldadu tiratzaileak. Hamabiei musu bana bota, luzatu, eskaini, dedikatu, oparitu, eman, erregalatu, utzi, zuzendu, bidali, jaurti, josi zien azken une latzean Mata Harik eztiki. Lau balek soilik zulatu zioten larrua. Beste zortziek, kale!

Bizargorri, 2013-08-07

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


agosto 2013
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031