Lehengoan Donostiako mariskeria batera bildu ginen lau lagun bazkaltzera. Besteak beste, txangurrua eskatu genuen. Eta hara piztu hitzezko borroka zerbitzariarekin: seguruxeagotan ere, ea zer zen guretzat txangurrua; esateko, ea… Oskoldunaren aztarrenak, ustez, garbi adierazi genizkion. Bada, azkenean, guk bat nahi, eta bestea atera zigun mahaira. Ahoa bete haizez utzi gintuen, amorru-minez barrua, asta-ispilu halakoak.
Egunotan hiztegian, sarean, kalean ibilia naiz, auzia garbitzeko, aztarren garbiak topatu nahian. Txangurru. Hitza, giderrarekin; esan ohi den bezala. Agidanez, buia (buey, erdaraz) da cancer pagurus; armiarma (centollo, araña), maja squinado; eta txangurrua, berriz, bata nahiz bestea, segun non esaten den; mami papurtuz barrubetea, gehienetan, hori bai.
Hondarribian (Gipuzkoan?) txangurrua buia da beti, karramarroetan handiena, hagin lodi bi eta oskol leunekoa. Euskaltzaindiaren azken Hiztegian (Bizkaian?), armiarma da, oskol ia biribila arantzaz betea duena. RAErentzat: «plato vasco popular, hecho con centollo cocido». (Ez, beraz, krustazeo bizia). Eta testu zaharretan: «Txangurrua da arrain itsusia, zeharka baizik ez dabilena. Ez txangurrurik surtan erreta gorritu. Ez da jaten».
Batzuek txangurruaren gainean ez dute dudaren apurrik erakusten, baina nik erruzko nahastea daramat nirekin. Zer deabru da txangurru: cancer pagurus, maja squinado ala platerekoa? Nork emango dit zehatz eta bete-betean erantzuna? Hiztegi, wikipedia, jende… Zenbat eta gehiagori egin txangurruaren galdera, orduan eta zalantza handiagoan murgiltzen naiz. Aurreratzen noa, aurreratzen, txangurruaren gisan.
Bizargorri, 2013-08-21