>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

MERTXE

Gaur betetzen ditu gure emazte eta amatxo Mertxek hirurogei urte. Ondotxo mereziak dauzka txerak, konplimenduak, musuak, belarri-tiradizoak, erregaluak eta abarrak nire eta etxekoon partetik, ondotxo mereziak dauzkanez, alajainena. Zure kasuan, irakurle, zeuk ikusi; baina, otoi, ez iezaiozula blog honen aipamenik egin, lotsaz gorrituko naiz eta. Izan ere, gu biona, Mertxerena eta nirea, kontatu nahi dizut zuri hemen. Labur-zurrean, beharrik. Kontatu nahi dizut, nahiz jakin badakidan ez direla kontuok leihotik plazara deiadarka barreiatzekoak.

Gaurkoa bezalakoxe goizerdia zen, duela berrogei urte, Donostiako Irakasle Eskola Ategorrietakoan. Apunte bila ni, lehen solairuko eskaileraburuan irudi txorrotx bat sartu zitzaidan begira (nola azkona ere sartu ohi den aise eta gozo lasto-fardelera): bi begi diz-diz azal-larru beltzaranean, irribarrea masailetik masailerakoa, gona izurtu motz jostaria, ile beltza luze gerrirainokoa… Mertxe zen, hogei urteko damatxo polit pinpirina. Eta gauza asko endredatzen omen da neskatxa baten ilean. Begi bete atsegin gelditu nintzen ni. Harrezkeroztik maite izan dut.

Lorea topatu duen erle parea bezala, euliak eztitan bezain gozo, agudo hasi ginen ezkon-soinutan, noiz muzin noiz musu-min. Hasi baginen, hasi: laster eman genizkion hitzak elkarri: «Ba al gera!?»; hutsaren denboran esposatu egin ginen gero Zumarragako Antzinako Amaren eliza munduko ederrenean. Esan ohi den bezala: ezkontzak eta buzkantzak, berorik. Habia berrira bi neska txiki, urregorrizko perla parea (ama-ama zuten) jaio zitzaigun geroago; eta hala, berrogei urteren buruan ere, ilgoran hasi ginenak ilbetean bizi gara oraindik. Zorionetan.

Sarako Pedro Axularrek esan zigunez, amorantea huntz-adarra bezala omen dela, inguratzen omen du zuhaitza, besarkatzen omen du, edoskitzen omen du eta, azkenean, ihartu egiten omen du. Baita zera ere. Zer ote daki abade batek ezkondu (edo ez-ezkondu) enamoratuez? Ni ez nau, bada, ihartu! Are, gizendu egin nau eta gizondu. Aspalditxotik dute bai apaiz kastakoek ohitura pentsatzekoa, munduko amorante denek adina dakitela. Haiek dakiten adina niri ahaztu ere egin zait oraintxe, hahor. Zenbat andre on, hainbat etxe on.

Eta halaxe fortunatu gurean. Emazte eta ama Mertxeri esker. Hirurogei urte, gaur. Asko begitanduko zaizkizu, onean; baina begira ezazu istant batez: ez al du gazte-emana, oinetik burura!? Alaba ote dudan esan izan didate-eta behin baino gehiagotan! «Urriko haize-hegoa, iraileko ihintza…!» kantatuko nioke poeta banintza. Ondo merezia du nire amodiozko aitormen hau, blog honetako leiho txikitik zu zaudeneko plaza zabalera harro aldarrikatzen dudana, gaur, bi mila eta hamahiruko irailaren hogeita bostean. (Zuk ezer kontatuko ez diozun ustean).

Bizargorri, 2013-09-25

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


septiembre 2013
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
30