>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

AHOLKULARI

Probintzian ez, baina Bidasoa aldean ezaguna da oraindik, banaka batzuentzat bederen, Nafarroako errege Santxo Abarkaren pasadizo bat, elezahar perlatzat ere jo daitekeena. Erakusten diguna, gainera, agintearen ingurumarian izaten zela antzina (eta badela orain ere, orain ere badenez, kuanto!) aholkulari ergel ugari, tuntun-ipurdi franko, txakurraren salara bidali beharrekoa, zist!, asto zuriarenak eta beltzarenak eman eta gero.

Gauza jakina da, Iruñeko errege zelarik (970-994), Santxo Abarka etorri zale zela Jaizkibelera ehizatzera. Jakina da berak aginduta eraiki zela, oraingo handiaren oinarrietan, Hondarribiko lehen gaztelua, Bidasoaren aho ertzeko azken muinoan. Jakina da historia; pasadizoak falta… Kosta bazter polit hartatik zebilela, gogo hartu zuen behin mendira egun-pasa irteteko. Bere aholkularitako bati, giro-iragarleari, galdetu zion ea zer moduzko eguraldia izango zuten egunean zehar. Eta: «Zoaz –esan zion– basoko giro ederra gozatzera: eguraldi ederra dakar». Hala, lagun gutxi batzuk eta emazte Urraka ondoan hartuta, han abiatu zen trostan Jaizkibeleko basora.

Bidean gora zihoazela, asto baten gainean zetorren baserritar prakaxahar batekin egin zuten topo. Zerbait esan alde, eguraldiagatik galdetu zion hari ere Santxok. Eta: «Euri zaparrada galantak hartu behar dituzu aurki!». Erregek «soldata gizeneko nire jakintsuaren aldean, gizajo honek bazekik bost!» bere baitan egin eta aurrera segitu zuen.

Joan eta joan, goiti eta beheiti…, beste ordubete baino lehen zer?, eta derrepente zerua zapart lehertuko zitzaiela zirudien beren buru gainetan. Hura euri jasa! Etorri eta etorri gero, beheiti eta beheiti, errege eta konpainia babestu zen horratik euriz murgildua noizbait ere, nonbait ere, nolabait ere… Andre Urrakak barre egiten zuen egoera negargarrian, eta kopla zaharra kantatu: «Zuriak eta beltzak mendian ardiak; zuk ere ez dituzu bentaja guztiak». Santxok, berriz, artean koleratu gabe, eutsi egiten zion tripa barreneko haserre suari azaleko bakean eta soseguan.

Atertu bezain pronto, ordea, kolerak erauzirik, gaztelura abiatu zen lauhazka, ahal guzian. Hara iritsi orduko, arestiko aholkulari eskasa haizea hartzera bidali eta baserritar prakaxaharra ekarrarazi zuen gortera. Aurrean izan zuenean, hala esan zion: «Gaurtik aurrera, zu izango zara nire aholkulari». Gizajoak, baina, ezetz; berak ez omen zekiela askorik; astoak, astoak asmatzen omen zuela beti: belarriak makurtzen zituenean, euria seguru; zenbat eta makurrago, orduan eta euri gehiago.

Santxo Abarkak, horrenbestez, aholkulari lanetarako astoa kontratatu zuen, pagotxa ederrarekin kontratatu ere. Harrezkeroztik, hala diote Bidasoa aldean bederen, zabaldu omen da mundura ohitura nafarra, gobernu-lanpostu onenak astoei ematekoa, astorik astoenak agintearen ingurumarian ipintzekoa, irabazi gizenean.

Bizargorri, 2013-10-23

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2013
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031