>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

URTEURRENAK

Urteurrenak eta agorte hurrenak: horra gaurko nire gaia. Zaude!, erraza da-eta ulertzen; zaude. Urteurrenekin hasita, gaur bezalako egun batez hil ziren (alfer-alferrik hil zirela esatea ez-esatekoa litzateke): Jean H. Dunant, lehen bake Nobel sariduna, 1910; Inazio Zuloaga pintorea, 1945; Pío Baroja idazlea, 1956; George Brasens kantautorea, 1981; Federico Fellini zinemagilea, 1993… Munduan handiak denak, bost, nor bere hesian eta poesian.

Jaio ere, gaur bezalako egunez jaio ziren (alferrik jaio zirela esatea kirtenkeria litzateke) Fedor Dostoiewsky, idazle errusiarra, 1821; Klaudio Otaegi, idazle filologo erdi zegamar erdi hondarribiarra, 1836; Jean Etxepare mediku idazlea, 1878; Satarka, poeta hondarribiarra, 1895; Julian Alustiza, hizlari eta idazle gabiriarra, 1913… Urrutitik etxera etorririk, handiak beste bost, nor bere artean eta partean.

Bost eta bost, hamar; eta bat, hamaika. Hamaika halako… Non arraio dute, baina, urteurrenok agorte hurrenarekin zer ikusia? Hor dago koska… Behin behar eta, atzo tokatu zitzaidan parean eztabaida bitxia. Bost lagun, eta batek: «Noiz jaio den, jakina da; baina, poeta bat hil egin dela, noiz esan liteke?». Bigarrenak: «Bizia galtzean». Hirugarrenak: «Publikatzen ez diotenean». Laugarrenak: «Idaztekorik ez duenean». Eta bosgarrenak, erabatekoa: «Irakurtzen ez zaionean: orduan da poeta hiltzen, zinez eta minez».

Dotoreago esanda: zertarako daude argi-urratzeak, ez bagara jaikitzen? Zertarako idazleak, ez baditugu irakurtzen? Alfer-alferrik. Ulertuko zenidan noski, honaino iritsi bazara. Ez bazara iritsi, gaur da agorte hurrenaren urteurrena. Durangoak Durango.

Bizargorri, 2013-10-30

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2013
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031