>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HARA HIRU IRAKASPEN

Aldaketa handiak bizi ditugu gure garaiotan. Gardentasuna ahoan eta zikinkeria eskuan, kanpo eder eta etxe otso, zenbat eta zenbat espiritu makur lapur zakur aldatu zaigun infernuko zulotik zeru goienera… Eta jendeak zerura nahi… Hara hemen Enpresa Handiaren hiru irakaspen (edo Anaia Nagusiarenak, nahiago baduzu) aldaketok, geroz eta gorago nahiok, eragiten dizkiguten kinka txarrak gainditzen, edo, kasuan gertatuenean, nondik nola jo erakusten digutenak.

Lehendabiziko irakaspena. Bele beltz bat zuhaitz baten gainean zegoen, egonean egon ere, egun santu guztian kolpe zorririk jo gabe. Konejutxo xalo batek ikusi eta «Eser al naiteke ni ere zurekin –galdetu zion bere gain-gaineko bele beltzari–, egun guztian ezer egin gabe egoteko?». «Jakina ba –beleak–; zergatik ez?». Beraz, bada, untxi txikia lurrean eseri zen, zuhaizpean apatx, atseden betean… Bat-batean, baina, azeria agertu zen ingurura itsumustuan. Untxi txikia lepazamarretik hartu eta, ri-rau!, hantxe bertan akabatu eta jan zuen.

Zer duen honek irakasten? Hauxe: egun santu osoan eserita, kolpe zorririk jo gabe egonean egoteko, oso-oso-oso… goooian egon behar duzula; oso goian ere!

Bigarren irakaspena. Indioilar babalore bat zezen gizen batekin ari zen hizketan. «Zuhaitz horren gainera igoko nintzateke pozik asko, baina indarrik aski ez dut». «Ondo da –zezen gizenak–. Zergatik ez duzu nire gorotzarekin proba egiten? Hazkurri baliotsu franko badu». Indioilarrak pittin bat probatu eta sumatu zuen indarra ematen ziola benetan, zuhaitzaren lehendabiziko adarreraino iristeko lain. Biharamunean, beste pixka bat probatu eta bigarren adarra iritsi zuen. Bi asteren buruan, zuhaitzaren puntaren puntan zen, harro, lepazutik… Baserritar batek bistaratu zuen, ordea, eta bi tiro tirata, pum-pum!, seko akabatu zuen.

Zer duen honek irakasten? Hauxe: kakak goooraino altxa zaitzake, bai; bertan betiko mantenduko zaituen gorotzik ez da, ordea, oraindik mundura sortu!

Eta hirugarren irakaspena. Txori mokogorri bat, beste asko bezala munduan, hego aldera abiatu zen behin, negua igarotzera. Ordurako, ordea, hotza latza zen eta txori gajoa, hotzak pasatuta, lurrera erori  zen plaxt. Lurrean etzanik zegoela, behi lodi bat parean tokatu eta kaka mordoa egin zion gainera. Gorotz piloaren barrenean, epel-epel, poz-pozik zegoen txoria. Hain pozik ere, kantu kantari hasi baitzen zoriontsu… Txoritxo bat kantari aditzean, katu pinto bat hurbildu zen bazterrak miatzera. Hegaztitxoa barrundaturik, gorotz piloa aztarrikatuz azpitik atera, errekatik pasatu eta mauka-mauka jan zuen di-da batean.

Eta honek zer…? Hiru gauza, horra. Bat: burutik behera kaka egiten dizuna ez beti da zure etsaia. Bi: kaka mordoaren azpitik ateratzen zaituena ez beti da zure laguna. Eta hiru: leporaino, kokotzeraino kakaz josita zaudenean…, ez ezazula, gero, txintik atera: isilik egoteak zenbat balio duen!

Bizargorri, 2013-11-06

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


noviembre 2013
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930