Azaroan, arazo: «Munduko zazpi mila hizkuntzetan, euskara %10 handienen artean dago». Kike Amonarrizentzat, botila erdi beteta. «Euskararen egoera, objetiboki, ez da lasai egotekoa». Jon Sarasuarentzat, botila erdi hutsik.
Denbora daramat Hondarribian bizitzen. Denbora horretan guztian erreparatu izan diot euskararen erabilerari bai baserrian eta arrantzan, bai eskolan eta kalean. Eta, denbora joanean, adierazi beharrean naiz honek ez duela atarramendu onik, haurrak eta gazteak, ia nonahi eta beti, kastillanoz mintzo direlako; gure hizkuntzari lotzeko trantzean topatzen direnean, euskara gaiztoa usatzen (ez uxatzen) dutelako, denek ez bada gehienek. Eta gure herri hau ez da aldrebesena. Ez horixe. Horra atzo telebistan haur bizkaitar bati entzuna: «Da gatxa ibili kotxezko egitan». Aldrebesa totala.
Adi Fredric Brown-i: «Jon irakaslea denboratan aritu zen lan eta lan denboraren teoriaz. “Ustez aurkitu dut –esan zion behin alabari– ezkutuko giltza; lortu dut ekuazioaren kakoa. Asmatu dudan makina honek denboraren martxa manipulatu egin dezake. Baita irauli ere”. Hizketan ari zela botoi bat sakatu eta esan zuen: “Honek eragin beharko lioke denborari joan zedin aldrebes zedin joan denborari lioke beharko eragin honek: zuen esan eta sakatu bat botoi zela ari hizketan. Ere irauli baita. Dezake egin manipulatu martxa denboraren honek makina dudan asmatu. Kakoa ekuazioaren dut lortu; giltza ezkutuko –alabari behin zion esan– dut aurkitu ustez”. Teoriaz denboraren lan eta lan zen aritu denboratan irakaslea Jon».
Botoia sakatua dago: aldrebes-denbora abian da. Dago hutsik erdi botila. Arazoan, azaro!?
Bizargorri, 2013-11-27