>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

URTE BERRI…

Urte Berri, eroek ere igerri… Eta, urte berri dugun aldiro, aldatu, berritu, mejoratu nahi izaten ditugu jarrerak, jokaerak, bizikerak. Baina, beti ez bada gehienean, aldatze eta berritze eta mejoratze plan horiek denak eskatzen eta exijitzen eta beharresten dizkiogu… auzoari! Alegia, politikariari, administrazioari, udalari, etxekonari… Bakanki baizik ez diogu geure buruari heltzen; bakanki baizik ez dugu asmobide egokia hartzen: lodia delako larrua, ezin ikusi nork bere barrua.

Zein zeinek du, izan ere, aldatu premia ederra; mundua mejoratuko bada, norberagandik dago hasi beharra. Urrutian gabe, geure etxean bertan, gainera; esate baterako, aita-ama bigun jarri eta ezti guztiak baino gozoago bihurtzen. Duela lau urte doi, garaitsu honetantxe idazten nuen honako alegoria hau. Berehalaxe dator Errege-bezpera ere, eta, ez badakizu zure seme edo alabari zein erregalo egin, gerta dakizula pista on.

«Behin, zeure etxetik oso aparte gabeko familia batean, aita eta alaba ari ziren afaltzen mahaian. Biak bakarrik, biak telebistari begira. Errege bezpera zen orduan ere. Hotzak ebakitzen zeuden kanpoan bazterrak. Sukalde epelean, alabatxoak ebaki zuen bien arteko isiltasun luze astuna: «Aita, zuk zenbat irabazten duzu orduko?». Eta aitak, muxin, erantzun zion: «Hori dun hori ateraldia, neska! Berrogeita hamar euro. Eta ixo, faborez…».

Handik pixka batera, alabak berriro: «Aitatxo, emadazu hogei euro». Eta aitak, muzinetik haserrera pasata: «Isilik egoteko esan ez dinat ba!? Hogei euro nik hiri eman…? Horretarakoxe nagon, hiri hogei euro emateko. Ezta pentsatu ere…! Afaldu dun, bai?, eta hoa lotara isil-isilik». Aitari, ordea, gerora, pentsatzen jarrita, harra egin zitzaion barrenean. Damuaren damuz, joan zaio alaba kutunari, aspaldiko partez bisita eginez, hogei euroak ematera, logelaraino.

«Eskerrik asko, aita. Oraintxe nago gustura!». Eta, ohean agondurik, almohada azpitik hogeita hamar euro atera zituen neskatilak. Aitak, harrituta, esan ere esan zion: «Baina, laztana… Jakin al liteke zertarako behar hituen beste hogei eurook!?». Eta alaba txikiak, orduan, berrogeita hamar euro aitagana luzatuta: «Salduko al didazu zure ordu bat, aitatxo? Mesedez…!». Honaino, alegoria. Horra hor argi adierazia zeure haurraren Errege-erregalorik erregutuena. Hemendik aurrera, zeu zeure etxean apailatu.

Bizargorri (2014-01-01)

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2014
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031