>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

AMERIKETATIK MADRILERA

Bankurik banku, kutxarik kutxa omen dabil gutun pare bat, finantza-gizonezko bik idatziak. Hainbesteko ibilian, atzenean, nireganaino ere egin dute bidea. Bi idatzi txantxazkoon berri ez baduzu oraindik, hona hemen, zure entretenigarri. Zainak ematen dit gustatuko zaizkizula, dudagabe.

Lehen idazkia da Estatu Batuetako Marc Faber-ena (enpresarioa eta inbertsioen analista, agidanez, bera), duela urte gutxi batzuk, hileroko bere boletinean, argitara eman omen zuena; ondo umore onean eman ere, alajaina.

«Gure Gobernu Federala, etxerako mesederako gerta litekeelakoan, aztertzen ari da gutako ipar-amerikar bakoitzari 600,00 dolare ematea, musu truk, sosen martxa sustatzeko eta, hartara, dagoen diruari koipe gehiago ateratzeko… Baldin diru hori Waltmart-en xahutzen badugu, Txinara joango da; baldin gasolinatan gastatzen badugu, arabiarrentzat izango da; baldin konputagailu bat erosten badugu, Indiara joango da; baldin frutatan enplegatzen badugu, Mexikora edo Hondurasera edo Guatemalara; baldin auto polit bat erosten badugu, Alemaniara edo Japoniara; eta litxarreriak erosten baldin baditugu, berriz, Taiwanera joango da diru hori guztia, eta xentimorik ere ez da hemen geldituko, amerikar ekonomiaren indar berrigarri. Diru hori Estatu Batuetan bertan gera dadin, bide bakarra dago: putatan edota garagardotan xahutu, horiek direlako hemengo bertako ondasun bakarrak… Ni, nire aldetik, ari naiz, ari naiz…; ari naizenez kuanto, zirri eta zurrut».

Honaino analista amerikarrarena… Handik egun batzuren buruan, ekonomista espainiar batek erantzunik izan behar zion bere blogean, umore ausartaz gainezka erantzun ere, ikusiko duzunez. Haren izenik ez zait iritsi, baina egingo nuke, lasai arraio, Gay de Liebana izan zela, hark asmatzen ditu-eta gisa honetako piperminak.

«Nire agurrik zintzoena, Markc. Egia da, bai, egoera Ipar Ameriketan geroz eta okerragoa duzuela. Eta sentitzen dut, baina, egiaren alde, zuri gogorarazi beharrean nago, garagardo enpresa ere (Budweiser, zeuk, esan gabe, aipatzen zenuena) orain denbora asko ez dela AmBev enpresa brasildarrak erosi zizuela. Beraz, hortaz, putak bakarrik geratzen zaizkizue hor bertako; putak bakarrik. Hori bai, baldin eurek nahi izango balute han biltzen dituzten sosak euren seme-alabei bidali eta helarazi, zuen diru hori guztia, zuzen-zuzenean, Madrilgo Diputatuen Kongresura etorriko litzateke; bistan da zergatik: hementxe dagoelako putakumeen munduko konzentraziorik handiena».

Bizargorri, 2014-01-29

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2014
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031