>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HAU ZEINENTZAT?

Ez da giro itsasoan. Erreka beteek, haize beltzek eta marea biziek bat egin zuten asteotarako, eta errukiena da itsasbazterrean jolasean dabilena. Ontziak kaian dira, arrantzaleak etxean eta, zer esanik ez, arrokeroak, kostako harkaitzetan lanpernatan-eta ibili ohi direnak. Lanpernak…

Hau beste inoiz ere kontatua dudala uste dut, baina halabeharrez datorkit gaur ere hizpidera. Lanperna-biltzaileak nekez joango zaizkizu bakarka harkaitzetara; nekez. Lehen ere, koadrilan joan ohi ziren. Normalean bat lehorretik olatuei begira erne jarriko zen, eta, haren esanera, beste gainerakoak arroka zuloetara jaitsiko ziren, xirrixti-xarraxta, lanpernak erauztera.  Eman dezagun lau lagun zirela; eman dezagun bildu eta atera zutela lanperna mordoa lehorrera… Nola banatu? Aise. Zakutotan lau pilo egingo zituzten, igualtsuak laurak; lagunetako bat, edozein, beste aldera jiraturik jarriko zen; beste batek, pilo bat aliritzira seinalatuz, esango zuen: «Hau zeinentzat?», eta lagun jiratuak: «Joserentzat», esate baterako. Leial, xuxen, legera.

Non den legea, han da trebea, ordea; eta, inoiz edo beste, bi lagun pikarok konpontxo egingo zuten. Bat jiratuta erabakia ematen, eta bestea piloa seinalatzen ipiniko ziren. Bigarren honek, lanperna-pilo bati besteak baino ederragoa irizten zionean,  hau zeinentzat? ez, baizik «Ta hau zeinentzat?» esango zuen; eta jiratuak, jakina, «Neuretzat!» erantzungo, edo, bestela, bere azio-lagunarentzat erabakiko.

Honen pareko beste anekdota polit bat 1917ko irailaren 2ko El Bidasoa aldizkarian dator. Hondarribiko ohitura zahar bat aipatzen du artikuluak: behin xardinak edo antxoak edota arroselak (bisiguak) saldu eta gero, atzemandako gainerako arrainak (berdel, txitxarro, dontzeila, kraba, arraigorri eta abarra) nola partitzen zituzten kaian, bentan, arrantzaleek; nola!?. Arestian kontatu dudan lanperna-partiketa bezalaxe, horra: zenbat lagun eskifaian (barkuko lan koadrilan), hainbeste arrain pilo egiten zen lurrean, harlauzen gainean, denak ere ahalik berdinen. Leial, legera, xuxen. Arrantzaleetako bat jiratu eta beste batek piloak banan-banan seinalatuko zituen, esanez ozen: «Hau zeinentzat?»; eta: «Nikaxiontzat». «Hau zeinentzat?»; eta: «Prudentziontzat»…

Orduan ere, ordea, pikaroak izaki, eta umore faltarik ez. Behin Poxpolo ari omen zen hau zeinentzat-ka, bere ondoan Konkorra zuela, besoen beteko mutil bizkar handi sekulakoa. Apartexeago, erabaki emailea. Inguruan, berriz, jende bailara; deusetarako ez, baina gainean, ikusminez. Eta jendartean neskatila xarmangarria, Konkorrari begira-begira, harrimenaren liluraz. Behin eta berriz makurtzen omen zen kuriositatez Konkorraren eta Poxpoloren aurrean. Hauek bi begiak bil-bil zeuzkaten haren bi zera biribil-biribiletara; kolko-zuloko bi Olinpo-mendietara.

Hala, halako batean, Poxpolo zirtolari gaixtoak zer?, eta seinalatzen ez du bada neska polita, eta «Hau zeinentzat?» galdetzen!? Orduan, deus ez zekienak, denaz beste berean, jiratuta, ari zenak: «Konkorrarentzat!». Hango festa! Irria hortzetan, barrez itotzeko zorian sakabanatu omen zen jendea. Hortik aurrerakorik ez zaigu iritsi. Ez dugu zertan jakin beharrik ere; xuxen, legera, leialki.

Bizargorrik, 2014ko otsailaren 12an

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


febrero 2014
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
2425262728