>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

BERROGEI

            Jesusek berrogei egun eta berrogei gau irago zituen basamortuan otoitzean, barauan, penitentzian. Aurki da kristauentzat berrogei eguneko garizuma. Berrogei gau eta egun larri egin zituen, galduko ez galduko, Noeren ontziak. Berrogeitaka urtez aritu izan zaigu ETA jo eta suan, izu eta herio. Berrogei egun egon berri gara euripean, eguzkirik bistatu gabe, haizeek eta olatuek bazterrak txikitu beharrean…Alabaina, Jesus jaitsi zen Canaamgo ezteietara; garizumak Piztuera dakar beti; Noeren ontziak lehorra jo zuen atzenean; ETAk hasi omen du armagabetzea; zelaietan erne zaizkigu bitxiloreak, sanjose loreak, haran-loreak…

            Eta neguaren ondoko koloreekin batera, etorri zaizkigu nazioarteko egiaztatzaileak ere (ETAren arma-entregaren lekuko), Ram Manikkalingam buru. Eta ETAkide bik, garai bateko amona bi baino beltzago jantzita, erakutsi dute lau armatxo. Eta piztu da iskanbila berrogeigarrenez… Bi eta bi lau dira, bada. Baina, ondo kalamidadeak gaude eginak gero: batzuek bost eta besteek hiru ikusten! Batzuek, sekulako aurrera pausua eman omen du erakunde armatuak, lau pistola erakutsi eta berekin eramanagatik: «Portatu zarete!». Besteak, aldiz, dios eta kristoka, ijitoen moduan: «terroristen lakaioak besterik ez dira bakeak egitera etorri zaizkigun sei jaun-andre pelele horiek»; eta epaileetara eraman dituzte…

            Bakea ote da, baina, hemen benetan nahi dena? Bakea, elkar-bizitza, onezkoak egitea, konponbidea…!? Ze, X. Euzkitzek esan bezala, gobernu espainiarrak batere presarik ez du, afera zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta etekin handiagoa aterako dion ziurtasunez. Etekina, kuanto! Hor dago, hortaz, koxka. Hemen jokoan ez da bakea, “xakea” baizik. Hik peoia edota alfila mugitzen baditunk, nik erregea eta dorreak eta zaldiak aterako diti(n)at: ikusiko di(n)agu zeinek irabazten duen! Badabil, bestela ere, Espainian kalamatrika franko, kalamatrika franko badabilenez; eta xake joko hori gabe, zer arraioz mintzatuko dira Ebroz beheiti, ez bada ETAz-eta!?

            Berrogeialdi asko izan da munduaren historian. Jesusena desertuan amaitu zen; gure otoitz, barau, penitentziek, ordea, ez dute akaberarik. Oraindik. Eta ez gaitezen engaina, natura bezala, izaten baita martxoaren berrogeigarren egunean elurte latzik. Orain ateri dugu, giro da. Goiz da, baina, adarrak loretan hasteko, ondoko izotzak mediante. Noe ere atera zen ontzitik, baina burua galdu zuen mozkortuta; Jesus bera ere, ezteietako ardo onen ostean, gurutzera eramana izan zen; hainbeste urte, preso, samin eta gero, hala eta ere, erakunde armatuak armatua segitzen du, alfer-alferrik; betiko beste batzuk, berriz, ez daude bakerako, xakerako baizik… Kontuz, erne, zurt! Historiak eta berrogeialdiak maiz errepikatzen dira eta. Ez da atzo goizeko kontua:

Mila zortziehunean izan zen kortea,

ezagutu zutena negu fuertea,

horma beltzak eginez luzaro nortea,

berrogei egunetan gero elurtea…

Ijitoek amona jan zuten urtea».

 

Bizargorri, 2014-02-26

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


febrero 2014
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
2425262728