Behin batean asto bat, zintzo fin izandakoa urte askoan, lur-zulo batera erori zen, osin-hondo aski sakonera. Min handirik ez zuen hartu, baina ezin inola ere handik atera, arraio zitala! Arrantza larriak egin zituen asto gajoak. Nagusia ez zen aparte, ikusi zuen ezbeharra, eta, buruari bueltaka, ea zer demontre egitea komeni ote zitzaion hasi zen pentsatzen.
Hausnarrean-hausnarrean, atzenean behintzat erabaki doilor askoa hartu zuen bihozgabeko gizonak. «Izan ere (egin zuen bere kolkorako), asto hau zahartu-xamarra zeukaat; ez zidak lan txikitarako bestetarako balio; belarrez ase eta eginez arrantza, guztia duk honentzat festa eta dantza. Bestalde, gainera, honako lur-zulo hau lehorrik zegok aspaldi, ardagaia baino ere lehorrago, eta estali beharra izango diagu, lehenago edo geroago. Zertarako hasi, hortaz, astoa zulotik ateratzen; zertarako…!?».
Eta behin horixe egiteko erabakirik eta determinaturik, auzotarren bila abiatu zen, bere asto zaharra bizirik lurperatzen lagundu ziezaioten. Auzotarrak auzolanean, zeinek aitzurrak zeinek palak harturik, lurra erruz botaka hasi ziren osin-zulora. Lurra bota eta bota, astoak berehala antzeman zion bere paradero tristeari eta, etsi-etsiz, negarrari eman zion arrantza errukarrian… Palakada bota eta palakada bota, halako batean, hara: astoa isilik. Isilik, mutu.
Asto-jabeak zuloaren hondora begiratu zuen eta aho bete hortz geratu zen ikusi zuena ikusita: osinean barrena jaurtitzen zioten palakada bakoitzeko, gainera zetorkion jaurtaldi bakoitzeko, bizkar-hezurra astintzen zuen astoak eta zangopean, hurrena, zanpatzen lur hondarra. Dena xabal-xabal, dena zapal-zapal, gainera eta gorago, geroz eta gorago, igotzen sumatu zuen bere burua, lau hanken gainean.
Gisa honetan, asto-jabeak animalia osinean barrenago nahi izan arren, animaliak gora eta gooora egin ahal izan zuen, bai horixe, harik eta zuloaren gain ertzeraino iritsi eta, salto eta brinko, berriro ere festa eta dantza hasi zen arte, harmonia eta bizi-poz lehenagokoa bezain ederrean.
Honaino asto zahar harena. Honaino Mariano Osorio mexikarraren ipuina, nik neure erara geure euskara ekarria. Eta, leziatze aldera, honetan du istorioak akabera: bizitzak lur zikina botatzen badaki gure gainera, batez ere zulo beltzean gaudenean. Irtenbide bakarra horixe dago: bizkar gainak astindu, hankapean zerak zanpatu eta segi gooora, festara eta dantzara.
Bizargorri, 2014-03-05