Irlandako herri koxkor batean gertatu zen. Eguraldi muzin tematia zeukaten; lanbroa, hezea eta iluna. Zotal-ikatz errearen usaina nonahi. Taberna bakar sastarrean, Txomin Artola hondarribiar gaztea agure xahar baten ondoan eseria zegoen barran. Beheko suaren ondoan, zakur tzar bat etzanda. Bertako musika zelta dantzaria airean zebilen, tok eta tok eta tok!, kandela argi batzuen ikarekin jolasean.
Aitona berriketari atsegin jatorra tokatu zitzaion, nonbait, Txomini. Aldarte oneko zeuden biak, elkarri bizi-bizi hizketan, Guinness bana harturik pinta beteko pitxar zilar-koloreetan. Albaitari lanetan jardun izan omen zuen zaharrak urte askoan. Gaztetatik irlan bertan ibilia omen zen, kostatik kostara, herritxoz herritxo, ardiak batik bat, baina baita bestelako abereak ere, jaiotzen laguntzen, bizialdian sendatzen eta hil garaian akabatzen. Han familia guztiek omen zuten orduan albaiteroa etxera ekarri beharra sarri. Ez omen zitzaion, hortaz, deirik falta izan bere denboran. Lan asko eta ona egina omen zen; eskurik eta borondaterik onenean, gainera, agidanez.
—Edozein moduz ere –atera zitzaion, bere baitara pentsakor jarrita–, ongi eginaren ordaina jaso izan diat frankotan; baina baita esker gaiztoa jasan ere, nahi baino gehiagotan.
Ari zirela berritsu eta ari zirela gozatsu, hara bat-batean non seinalatzen dion aitonak gazteari, burua albora eramanez, zakurtzar etzana.
—Ikusten al duk horrako hori hor? Hamahiru-hamalau bat urte izango ditik mutur-erre ez bestelako horrek… Ikusi nahi al duk nola maite nauen? Nahi al duk ikusi…?
Barratik pixka bat makurtu eta hala esan zion, goxo, animaliari:
—E, e! Zer moduz haiz, zakurtxo? Zer moduz haiz, polit hori, e…!?
Zakurrak orduan, begi bat erdi ireki, burua pittin bat altxatu, gozakaitz eta bekozko, gr-gr-gr…!, zaunka amorratua egin zion, samur bada ere.
Dozena bat urte lehenago, hantxe bertan, autoren batek-edo zakur kume huraxe jo eta ez-hil bai-hilean utzi omen zuen bide ertzean. Bera, albaiteroa, inguruan tokatu. Joan zedila, arren, eskatu omen zion tabernariak, zakur gajoa berea izaki. Bai joan ere. Odoletan ia urtuan aurkitu omen zuen zakurra, izter-masailak zauriz josiak eta hezur hautsi-ateraren bat zuelarik beso batean. Minak min, kuidadu handiz jaso, gozoro garbitu, kontuz ebaki, eztiki josi, mantso gobernatu…, lanak izan omen zituen, lanak! Azkenean, behintzat, oinazeak oinaze, bizirik atera zuen, oso justuan. Zakurrak, ordea, ez zeukan tratua ahazteko; tratuaren oinaze-minak ahazteko ez zeuzkanez. Gr-gr-gr…!
Bi berriketariek elkarri agur egin behar izan ziotenean gero, eguraldi muzin tematian, turba edo zotal-ikatzaren ketan, “mundu perrua eta mundu humanua” eraman zituen Txominek lotara berarekin buruan. Ordain hobea, askoz hobea, merezi zuen albaiteroak, baldinbetan! Baina… Esker gaiztoa suelto dabilela munduan; han bezala hemen; lehen bezala orain.
Bizargorri, 2014-04-23