Ez dira egun asko azkenaldiko bi Aita Santu santu egin (sic) dituztela Erroman. Kristau zein budista, musulman zein ateo, denok ere jakinean gaude, zer erremedio, halakoxe zipirri-zaparra hotsak izan dira, izan ere, marketina dela eta publizitatea dela, prediku-moda berrian. Egiaztatu omen dituzte baten mirariak; erakutsi dizkigute bestearen mirakuluak; gutxi samar, bada ere. Zinezko milagroak izan omen dira ziur guztiak, seguruxeagotan ere… Ez dakit, bada, nik. Sinesteak lanak ditu.
Gure Franzizco Zabier ere (halaxe baitakar F. Laphitzek bere “Bi saindu heskualdunen bizia” liburu txit eder eta txoil miragarrizkoan), gure jesuita nafarra ere, alegia, santu-hotsean hil zen, eta aspaldixko jarria dago santuen aldarean. Besteak beste (tripak heste), mirari asko egin omen zuelako. Gutizia egin zait egunotan, eta Laphitzena hirugarrenez irakurri dut, horra. Zabierren berri liburuaren ia hondarrean dator: dena daukat azpimarratua eta seinalatua; dena daukat !!! eta ??? markaz josia; hainbeste harrigarrikeria ageri da. Hainbeste eta hainbesteko mirakuluk, ordea, sinesbiderik ez du, inondik ere.
Bat. Trabancoren. Ateratzen da erregea, bere armada eta guzti, kristau bihurtu berrien kontra amorratua. Zabierrek, aurrean jarri eta gurutzea altxaturik, esaten die: «Bara hor! Geldi hor!». Eta milaka soldaduek, hasieran, ezin dute ez atzera ez aurrera pausurik ere egin. Gero, hasten dira ihesi, nolabait atera nahian handik, eta, zalaparta hartan, elkar lehertzen eta akabatzen dute. Hurrena, erregea damutzen da, umiltzen da eta kristau berri bihurtzen. Azkenean, «berrogei mila paganok bataioko ura hartzen dute».
Bi. Coilanen. Hiri hartan jendea uzkur, nonbait, eta fede berrira makurtu nahi ez, inolako maneraz. Zerbait ere egin behar, bada, Franzizcok, Jainkoaren izenean. Adierazten die, hiru egun lehenago gizon bat hil eta ehortzi omen zutela; eskatzen die, hilobira joan eta ekar ziezaiotela aurrera gorpua, arren. Ekartzen diote hila, ordurako usaindua, eta gure nafarrak: «Pizt hadi!». Bai piztu ere, alajainkoa. Guztiak belauniko jarri eta hamar mila pagano bataiatu bide zituen bertan.
Hiru. Malacan. Zerua aterpe eta lurra ohatze bizi omen zen Zabier, herri-beteko gizona. Behin, ama dohakabe bat inguratzen zaio, alaba galdu omen zuela-eta, negar marrasketan. Zabierrek: «Zohazi. Bizi da!». Hobia ideki eta hara alaba bizirik atera…! Lau. Japoniako Cangozina hirian, itsas hegian. Franzizco arrantzale batzuei begira dago. Arrantza txarra dute: sarea hamarretan (hamar aldiz, alegia) bota eta hamarretan hutsik! Amore eman dute arrantza-gizonek gogaiturik, eta: «Ez etsi! –esaten die lehorretik Zabierrek–. Haur maiteak (sic), ez etsi!». Hamaikagarrenez bota sarea eta… arrainez betea lehertzear, ustekabean! Biharamunean ere, gauza berbera. «Handik harat, guzia arrain zen Cangozinako ura». Urtea gabe, berrogeita bortz eliza bazituen egiazko Jainkoak han… Bost. Beste non edo han (inporta al dio non?; beti da han!). «Prediku baten ondotik, pagano bat karrika batean jazartzen zaio, mehatxua eta elhe txarra dariola. “Ai, zure mihia!” (egiten dio apostoluak, nigarra begian). Eta mihia harrez estaltzen zaio, eta usteldua erortzen». Milagroan, zorrotz; karitatean, motz.
Eta sei, noizbait ere bukatu alde, itsas zabalean da gure santu nafar milagrosoa, San Migel ontzian halabeharrez, Eduard de Gama zihoalarik kapitain. Imajina: «Itsasoa samurtzen da, zerua belzten; egunak ez du iguzkirik, ez gauak izarrik». Ekaitza latza! Txalupa bat uretaratzen dute, ustez, onbeharrez, batzuren batzuk salbatzearren; guztira hamabost lagun. Orduak aurrera eta bagak gogorrera, txalupa galtzen da norabait nolabait, eta ontziak egiten du tirabira, gilaz goiti… Zabier konturatzen den momentuan, otoitzean paratzen da eta, alademonio!, zer!?, eta ontziak egiten du urpetik ur gainera, eta txalupa agertzen da hurrengo goizaldean: denak salbu, guztiak onik! Zergatik eta nola!? Hona, bada: Franzizco, denbora berean, egon delako txalupan eta ontzian, batean eta bestean, bi tokitan presente, non nortzu ziren, guzti-guztiak salbatzeko… Joan eta harrapa ezak buia hori popatik!
Sei mirakulu ditut kontatu, baina badira liburuan beste hamasei; Franzizco Zabierrenak bakarrik; Inazio Loiolakoarenak, ezta aitatu ere. Hura baitzen, hura, egiteko honetan beste hortik honakoa… Orriz orri liburuan eta egunero egunero apostoluaren bizitzan, mirari eta mirakulu, dena zen, sobra ere, milagro; ala egia! Jainkoarentzat, izan ere, ezinik bada, ala? Eta segi ezinak egiten… Baina, baina, egia latz eta garratz esanenean, bola horiek nork traga, ilar horiek nork irents!!?? Horko eta beste nonahiko halako esanak ezin izan dira benetako izanak. Gure Jainkoak eginak bagara guztiok, ni behintzat adimen motzeko egin nau agidanez, ze nire buru honek ez dit ematen hainbesteko mirari bakar bat ere erdi-sinesteko. Ez delako ezin daitekeenik. Eta kito: mirariena, mito.
Bizargorri, 2014-05-07