GU EZ GARA MUGITUKO | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

GU EZ GARA MUGITUKO

            Deabruak gehiago omen daki zakur zaharra delako, deabru delako baino. Baita aitona zaharrek ere. Urteek metatzen dute esperientzia, eskarmentua, asma-bidea. (Eta ez dut, nahita, amonarik aipatu, agure bat izango dudalako protagonista, letra-larre honen hondarrean). Gai delikatua dakart, tema labain haserregarria. Hitzak ondo neurtu beharko ditut, hortaz. Emakumeak dakartzat, izan ere, hizpidera; eta erne! Ez emakumeak gizasemeak baino gehiago edo gutxiago direlako. Ezta emakume guztiak igualak direlako ere, baizik batzuek beldurra sartzen dutelako. Bilintxi apaizen batek bezala. Ez da beldurra hitzik aproposena; uler bedi gibel-beldurra, susmo txarra, goganbeharra, sospetxeria…

            Egia ukaezina da, urteetan ez ezik mendeetan ere, gizasemea (giz-on deitua) potro-jorran egon izan dela etxeko lanei dagokionez, ardi zaharra mendian nagi bezala, krokodiloa ibai ertzean etzanda bezala, ea inondik ezer ekartzen dion muturren aurrera fortunak (eme-kume deituak). Ez da egundo inon inor sortu, eta ez sortuko ere,  aspaldiko egia handi horri muturra bihurrituko dionik.

            Eta sartu naiz kontuok kontatzera, arriskuak arrisku, batetik, aurrean daukadan inkesta batek eman didalako idea eta bidea; eta, bestetik, gure artean maiz atera izan delako gaia. Alegia, gaur egungo neskak prest daude, prest egon nahi dute, geroko etxeko lanetarako? Zein jarrera erakusten dute? (Mutilak ezta aitatu ere; mutilenak bizarra duten kontuak dira-eta, aspaldiko betikoak). Neskak bakarrik, beraz.

            Aipatu berri dudan inkesta hori, unibertsitatean eta kalean egina omen da, hamasei-hemezortzi urteko neskeei. Aipagarriak bezain kezkagarriak dira erantzunak. Sukaldea? Jana erosi eta kito. Harraska? Ontzi garbigailua dago horretarako. Josketa? Urratua bota eta berria jantzi. Lisaketa? Zer da hori!? Zoru-komun-hauts garbiketak? Neskame-lanak. Haurrak? Aitona-amonei utzi eta listo… Errukienak dira etorkizunean senar-emazteak; batzuen batzuk, behintzat. Nolanahi ere, bi nesken erantzunak eman dit, batik bat, atentzioa: «mutila hor den bitartean, gu ez gara mugituko». Jan eta jantziko badira, baten batek mugitu beharko ditu hanka-besoak, arraioak ez baditu!

            Eta azken erantzun polit horrek pasadizo politago bat ekarri dit gogora. Gizaseme dagoeneko urtetsu batek lur-sail handiak zeuzkan etxearen jiran; eta, aparte batean, baita laku bat ere. Oso-oso gutxitan joaten zen haraino, eta behin «gaur ikusi behar diat ba nola dagoen» esanda, bertara abiatu zen. Besa-saski bat hartu zuen berarekin, zernahi fruta edo marrubi edo ziza parean tokatuta ere, badaezpada. Lakura iristen ari zela, hizketa hots alai biziak aditu zituen. Neska gazte koadrila zen, uretan plisti-plasta, igerian jostari, den-denak larrugorritan.

            Agurea bistaratu zutenean, ordurako aski hurbil, raust! sartu ziren guztiak putzuan barrurago, leporainoko uretan. Handik, nesketako batek: «Zu hor zauden bitartean, gu ez gara mugituko!», egin zion oihu aitona zaharrari. Bai honek agudo erantzun ere: «Ni ez naiz etorri zuei begiratzera; gutxiago oraindik zuek larrugorritan kontenplatzera. Ez, ez». Besa-saskia altxatu zien orduan, eta errematatu: «Ni hona krokodiloari jaten ematera etorri naiz».

Bizargorri, 2014-05-14

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


mayo 2014
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031