¿ESTIMADO? ¿RESPETADO? | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

¿ESTIMADO? ¿RESPETADO?

Datorren igandean, maiatzak 25 egingo dituenean, izango dira Europarako Hauteskundeak, hemen ere. Puiko Ama Birjinak anpara gaitzala, harexen eguna da eta. Anpara gaitzala baten batek nonbaitetik, ze, gure izenean omen doazen bi partidu politikok etxera bidali dizkidaten gutunekin arrunt erretxindu bainaiz, eta erabat zapuztu. Botoa?, nori?, zertarako!?

Bata, PP-rena, hasten da: «Estimado tal…»; bestea, UPD-rena, «Respetado/a ciudadano/a…». Biak ala biak (nolako eltzea, halako burruntzalia), goitik beheraino erdera hutsean eta gaztelera betean idatziak daude. Ezta hitzik ere euskaraz. Ezta kortesiaz ere. Hori al da gu garen bezalakoak, euskaldunak, estimatzea eta errespetatzea!? Egingo nuke apustu, Katalunian katalanez (ere, baldinbaitere!) idatzi dutela, eta Galizian galizieraz. Hemen euskaraz zergatik ez…? Gutunean demokraziaz eta solidaritateaz eta eskubideen defentsaz dihardute laineza hartuta. Zakurraren putza!

Memoria askatuz oroitzen dut, nola Irungo udalean, denbora asko ez dela,  talde popularreko Juana de Bengoecheak (hala idatz dadin nahi baitu damandreak) esanak: euskara eta gaztelera, biak omen direla gure hizkuntzak; euskara maite omen dutela; euskararen aldeko lan-asmoan konprometitzen omen direla; halere, baina, inor ez omen dela euskara ez jakiteagatik lotsatu behar… Horrixe esaten zaio cara y cruz kastillanoz; euskaraz, berriz, tori eta tati. Batez ere, etxera lotsagabe bidali dizkidaten gutunak ikusita. Azala behar du, gero!

Nabaria da ez gaituztela garen bezala, euskaldun, beren mapan onartu nahi. Ez ikusia egiten digute nabarmen, hasteko; gero, azkenean, haieneratu ezean, aienatu. Aienatu kuanto, esan nahi baitu, ihes eragin, urrundu, desagerrarazi. Eta, behin Bruselan, jakina: lan gutxi eta pagotxa franko, Todo por la Patrika…! Gogorregi ari ote naizen iritziko dio honi guztiari baten batek, agian. Halakoxe latzikara eman dit, eman ere, gutun gaizto pareak, eta beroarenak kendu gabe ari naiz parrastadan idazten, sentimendu mindutik paper inozora, etorri ahalean.

Edozein moduz, nire esanak axola die bost. Beinke. Izan ere, gure kostatik haien lehorrera konparazioak egiten hasita, arrantzaleek hemen uretara nola, hala alderdi bi horiek (eta besteren batek) botatzen dute han sarea airera, eta lehertzeko zorian dute aldiro altxatzen (botoz lepo noski), hain da berena lurralde jendetsua. Nire botoa, aldiz, zertarako? Pikupeko garia dirudi: alerik, fruiturik, onaurkirik batere ematen ez duena. Lelo zaharrak laburbiltzen du gure destino petrala: arrazoirik ez dugu, gutxi garelako.

Abstentzioa aterako da, agidanez, datorren igandean ere garaile, beste behin. Abstentzioak, ordea, ez du sekula irabazten. Hor zagok, bada! Irabazleak beste batzuk izango dira, betikoak, miraririk ezean. Eta nora ezkurra, hara zerriaren muturra: harako presturik dauzkate dagoeneko bakoitzak bere Patria eta Patrika. Esperantza motzak gurean, beste behin… Irabazleak beste batzuk aterako direlako, tamalez: niri batere estimarik eta errespetorik erakutsi ez dizkidatenak, beste behin ere.

Bizargorri, 2014-05-21

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


mayo 2014
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031