Gauza guztien hasieran, artean ere oraindik arimak hilezkorrak omen zirenean, saguzarra gaur egun ezagutzen dugun bezalatsu bizi zen. Ilun-txori-gorri deitzen zioten, batere lumarik ez zuenez, larrugorritan zebilelako hegan, hotzak akabatzen maiz, lotsak hartuta beti, ilunik ilun. Gainerako beste hegazti kolorez jantzien artean, larru beltz zatarrez ageri zen saguzarra, labezomorroa baino ere itsusiago.
Hotzak eta lotsak eraman ezinda, zeru gainera hegaldatzea erabaki zuen, Jainko gauza guztien sortzailearen aurrera, umilik, eskean: beste hegazti guztiei bezalaxe, emateko, mesedez, berari ere soinerako lumak. Baina, ordurako guzti-guztiak ahituak zituen Jainkoak, mundu guztian erruz zabalduak; eta ezin izan zion luma alerik ere eskaini. Hori bai, kontseilu on askoa eman zion saguzar errukarriari: hauta zitzala txoririk politenak munduan, eta eska ziezaiola bakoitzari kolore biziko luma eder bana.
Lurrera jaitsi atzera eta, bila-bilaka ibili ondoren, karnabaren luma gorriak bereganatu zituen, birigarro txikiaren laranjak, tarinaren horiak, txirriskilaren berdeak, amilotxaren urdinak, enararen anilak eta, azkenik, mokolodiaren moreak… Eta haiekin guztiekin dotore jantzi zen, baldinbaitere! Hega batera eta hega bestera, eguratsa ere ederragotu zuen, eta hegazti familia harriduraz bete-bete. Pozarren zebilen saguzarra sekulako partez, pozarren alajaina. Atera kontuak: ostadarra berak sortua omen da, bere orduko luma-kolore igualekin egina.
Denbora joanean, ordea, bere buruari beste guztien gainetik eder eta galant iritzirik, harropuztu zen, laineztu zen, eta harrokeria horrek hegazti anaiekiko iraintsu eta laidoztatzaile bilakatu zuen. Jainko gauza guztien egileak hura guztia ikusi zuenean (alegia, saguzarrak bere luma berriez gozatu beharrean xume, burla egiten ziela lagunei petral), hura ikusi zuenean Jainkoak, dei egin zion zerura, Berarengana igo zedila agudo. Behin han zela, harroaren harroaz lumetan kabitu ezinda hantxe ere, nabarmen erakutsi nahi izan zuen bere ederraren ederra. Hala, hegoak gogotik astintzen zituela, zer?, eta ez zitzaizkion ba luma guztiak libratu eta erori!?
Egun hartan, zeru gainetik lur zabalera egundoko luma-parrastada egin omen zuen, lumazko euria, eguna ilundu zuen arte. Luma guztiak galduta, larrugorritan berriz ere, komeria beltzak saguzarrarentzat. Atsekabetu zen lazki…
Harrezkero, larru beltz jarraitzen du saguzarrak, itsu eta itsusi, leize zuloetako gordean ezkutaturik. Harrezkero, gauero ateratzen da luma galduen bila, etengabeko hegada zalapartarian uzkur, inortxok ere ondo ikus dezan nahi ez duelako. Harrezkero, gau-enara deitzen diote iparraldean maitekiro, behin harrokeriak betirako gauez hotzak eta lotsak bizitzera kondenatu zuen antzinako txori eder haren oroimen onean; omenean.
(Zazpi bekatu nagusiak, 1)
Bizargorri, 2014-06-11