HASERREKERIA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HASERREKERIA

Arrasaten aspaldi gertatua omen da hau, aspaldi oso. Gizaseme odolbero suminkor bat bizi omen zen bertan, aise eta maiz haserretzen zena. Bere buruarekin ere konforme ez, eta erabaki zuen agure jakintsu batengana jotzea aholku eske. Agure jakintsu baten fama ona omen zebilen herrian, azal eta zabal. Harpe zulo dotore prestatuan bizi omen zen, aholkuak emanez eta mesedeak jasoz. Goiz batean joan da  eta esan dio triperre haserrekorrak, oso-oso subera izaki, amorraldiz amorraldi bizi zela zatar, eta ea faborez aholku onen bat emango ote zion, ezin zuela-eta horrela segi.

Baietz, erantzun zion aitona zaharrak, emango ziola. Baina, horretarako, lehendabizi bere haserre bizia erakutsi egin beharko ziola; haserrea nolakoa zen ikusita, aholkurik eraginkorrena bilatu ahal izateko. Une hartan preziso, ordea, gizona ez zegoen haserre eta ezin erakutsi, bada, bere odol beroa… Agureak orduan, joan zedila etxera esan zion, eta, hurrengo suminaldiak erasaten zuenean, etor zedila antxintxika agudo, bere haserre handi hura erakustera.

Konforme arrasatearra, eta jaitsi da etxera. Egun asko baino lehen, haserretu da berriro biziki. Berehala, oroitu agurearen esanarekin eta abiatu da mendian gora korrika… Izan ere, Udala auzotik gooorago, Udalaitzeko harkaitzen babesean bizi zen, agidanez, agure jakintsu aholku emaile famatu hura. Iritsitakoan:

—Hemen naiz, agindu zenidan bezala.

—Primeran. Ea, erakutsidazu zure haserre hori.

—Ez nago, baina, dagoeneko haserre!

—Bidean denbora gehiegi egin duzun seinale. Hurrengoan agudoago etorri.

Handik hiruzpalau egunera suak hartu du ostera gizona eta, instant berean denak bertan behera utzita, hasi da mendian gora korrika ahalik azkarren, gibela bota beharrean. Leher-leher eginda, errukarri iritsirik izan behar zuen harpe zuloko atarira. Zain zeukan agurea eta errieta gogor samar eginik izango zion, esanez, alegia, berriz ere haserrea bidean galduta ailegatu zela, bizkorrago ibili behar zuela, askoz arinago noski, bestela ezin laguntzarik eman izango ziola-eta, nahita ere.

Kopetilun aldendu zen handik behera gizon haserretia, bere buruari eginez, dios eta kristoka, hurrengoan horratik marka guztiak hautsiko zituela korrika, eta garaiz iritsiko zela; baldinbetan. Ez zen, ordea, halakorik egundo gertatu: geroz eta agudoago iristen zen gora, geroz eta baldatuago, baina jenioa bare zuela betiro. Eta, behin, harpeko agure jakintsuak hala esan omen zion azkenekotz:

—Uste dut gezurretan zabiltzala nirekin, horra. Haserrea zure baitan balego, hira benetan zurea balitz, erakutsi ahalko zenidake; ez da hala!? Baina, hamaika aldiz ere etorri zara nigana, eta behin ere ez zara erakusteko kapaza izan. Haserrea ez da zurea. Zuregana jotzen du, hori bai; aise eta nonahi eta maiz jo ere. Ondoren, beti ere, abandonatu egiten zaitu; abandonatu, kuanto. Konponbide erraza duzu, hortaz: hurrena haserrea zuregana datorrela nabaritzen duzunean, ez ezazu hartu, eta kito.

Bizargorri, 2014-07-02

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2014
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031