Airean opor-usaina dabil egunotan. Festa aldi da, lagunarte aro, kale giro… Urtero bezala, uztailaren hondarra izaki, atzo afaria genuen jatetxe irundar kategorikoan, bikote adiskide min batekin. Andrea eta biok dotore prantatu ginen, ilunabarreko zortzietarako. Etxeari azken gainbegiratua eman, leihoak itxi, katua terrazara atera eta taxi bati hots egin genion. Badaezpada ere, badakizu; ez dago-eta bromarik gaur egun errepidean zurrutarekin. Berehalaxe zen taxia etxe aurrean. Lehendabiziko pisuan bizi gara gu, eskuinetara. Zortziak eta bost.
Bozina hotsa entzun orduko prestatu ginen kanpora ateratzeko. Etxeko atea ireki nuen unean berean, zizt-raust!, katua bizkor askorik sartu zitzaigun barrenera, baten bati, atariko atea zabalik utzita, ixtea ahaztu zitzaion, sobra ere, eta. Gure katu mutur-luzea ezin utzi genuen etxe barruan inondik inora bakarrik, ze kapaz da hura kaiolako kardantxiloari erasotzeko, baita arrainontziko arrain txikiak jateko ere, deskuidatuz gero. Hura han etxe itxian jaun eta jabe utzienean, zernahi gerta zitekeen gaueko ordu ilun luzeetan.
Beraz, nik gurean katuarekikoak egiten nituen bitartean, andrea taxira joan zen. Eta, geroago kontatu zidanez, amona xaharra despeditzen gelditu omen nintzela esanik izango zion taxistari, eta segituan jaitsiko omen nintzela… Lanak eman zizkidan, lanak eman zizkidanez, katu madarikatuak, arraio tximista! Gero, taxira jaitsi nintzen neu ere, arnasa ito samarrik nabarmen. «Barka!», esan nion benetan taxistari, eta gu bion helmuga adierazi zehatz. Zortziak eta laurden. Ondoren, emazteari ahots gora hasi nintzaion kontari, gidariak aditzeko moduan agidanez, neu ohartzeke:
—Ohe azpian ezkutatuta zegoen alua halakoa. Tiraka arrastan atera behar izan dut. Saiatu da, saiatu denez malapartatua, gelatik alde egiten, baina lepazamarretik ondo heldu eta, dinbi-danba!, epelak eman dizkiot. Dardaratu da, irauli da; nola demonio irauli ere! Purrustaka-purrustaka, bazirudien atzamarka hasi eta hozka ere egingo zidala petral gaizto zitalak… Beste erremedio modurik ikusten ez eta, lehendabizi, manta batean bildu dut bil-bil; gero, eskaileratan behera ekarri dut, kinki-kanka (errukienak izango dira haren ipurmamiak eta kaskezurra!); eta hurrena, azkenean, ataritik terrazara airean bota dut behetik gora, hor konpon!, manta eta guzti… Mekabendio! Kalera irten nahi dugun bakoitzean horrela ibili beharra ere, bada, txaldan txolin piku-paxa temati horrekin…!!
Nik hitz egin ahala, nabari-nabari, gure andreak geroz eta gehiago zabaltzen zituen begiak, geroz eta aurpegi espantatuagoan. Orduan (eragin zuzena izanik izango zuten, noski, erratza baino latzagoko nire hitzek), eta orduan, taxistak, klask eta klasss!!!, egundoko danbatekoa eman zion lasai ederrean aparkatuta zegoen auto bati. Zortziak eta hogeita zortzi. Gure hitzordua, pikotara… Edozein moduz ere, ez genituen gure lagunak lasto jaten utzi: afaldu, elkarrekin afaldu genuen noizbait ere, bapo; ospatu, ospatu genuen ederki, onik eta pozik; erretiratu, erretiratu ginen halakoren batean, bart, gogoak sorgor… Noiz…? Goizeko ordu txikiak handitzen-handitzen hasten diren tenore zehaztezin horietako batean.
Orain une honetan, ze ordu den? Zeuk ikusi, esnai zaude eta.
Bizargorri-k, 2014ko San Inazio bezperan.