Eztabaida ez da nor den altuago edo txikiago, nor den zintzoago edo gaiztoago, nork duen sudurra kakoago edo zapalago, nortzu diren gehiago edo gutxiago, norena den odolik behinena eta norena edozeinena… Ez. Kontua da herri bakoitzak duen munduaren ikusmoldea; kontua da ikusten duen mundu hori herri bakoitzak nola adierazten duen hitzez; kontua, hizkuntza bakoitza da. Hizkuntza da aberriaren madrea. Herri bakoitzak bere hizkuntza sortu zuen, behin edo behin; eta hizkuntza bakoitzak bere herria egiten du, beti. Eta, bistan da, herriak ez gara igualak.
Joan den igandean egunkaria irakurtzen ari nintzela (Noticias de Gipuzkoa, 2014-08-10), Quim Monzó-ren “La barba” artikulua deigarri gertatu zitzaidan. Idazten zuen, besteak beste, gazte ezagun batek gaur egun bizarra uztea modako ez dagoela aitatu omen ziola. Eta esaten zuen Quim-ek, bizarra uztearen edota ez uztearen gorabeherak oso antzinakoak direla (Grezia, Erroma, Paris…) eta zer arraiotan ote zetorkion mukizu kamuts hura oharpen harekin, bizarraren historia berak asmatu izan balu bezala. Esaten zuen, gainera, «El síndrome de Cristobal Colón» omen zela gazte harena.
Sindromearena argitu nahian, honako esaldi hau zekarren idazle handiak: «Ese síndrome es pensar que tú has sido el primero en descubrir algo que han descubierto muchos otros antes que tú». Esaldia gustatu eta, askotan ohi dudan bezala, oharren libretara itzuli nuen; euskaraz ipini nuela neuretzat, alegia. Oker handirik gabe, nire ustez, honela atera zitzaidan bat-batean: «Zuk baino lehen beste askok aurkitu duten zerbait aurkitzen lehena zu izan zarela pentsatzea da sindrome hori». Eta hara…! Berehala konturatu nintzen bi hizkuntzen arteko misterio harrigarriaz: dena zegoen atzekoz aurrera! Edo aurrekoz atzera, nahiago baduzu. Begira:
Zuk (tú) baino (que) lehen (antes) beste (otros) askok (muchos) aurkitu dute (han descubierto) –n (que) zerbait (algo) aurkitzen (en descubrir) lehen (primero) –a (el) zu (tú) izan zara (has sido) –ela (que) pentsatzea (pensar) da (es) sindrome (síndrome) hori (ese).
Behin eta berriz irakurtzea merezi du. Nik, behintzat, hala egin nuen, begiak arranpalo, harriduraren txundiduran. Izan ere, batetik, erraza da esaldi laburretan hemengo bi hizkuntzen arteko atzekoz aurrera hori egiaztatzea (esate baterako: gezur (mentira) handi (gran) bat (una); edo, lasai (tranquila) –ago (más) dago (está) gaur (hoy) gure (nuestra) itsaso (mar) –a (la); eta, bestetik, badakit aspalditxotik dabiltzala testu liburuetan-eta antzeko esaldi antzinako batzuk, teoriaren erakusgarri… Edozein moduz ere, ez nire arestikoa bezain luze bihurri korapilaturik, seguruenera, asko.
Hizkuntza bakoitzak munduaren ikusmolde bat eta banakoa adierazten baldin badu; baldin hizkuntza gizaseme eta ama-alaba bakoitzaren burmuinean sustraitua eta mamitua baldin badago; eta baldin burmuinak, mamitze partikular horretxen araberan, dantzatzen baditu andre-gizonon mihiak; orduan, dudaren izpiaren pizarrik gabe, kastillanoa eta euskalduna ez dira igualak. Ez gara igualak. Zergatik? Atzekoz aurrera hitz egiten dugulako: atze (atrás) –ko (lo de) -z (con) aurre (delante) –ra (a). Edo, gustukoago baduzu, aurre (delante) –ko (lo de) -z (con) atze (trasera) –ra (a la). Esaldiotan ere betetzen da teoria; ez dakit behar bezala entenditzen den, baina…
Bizargorri (2014-08-13)