Nazio Batuen Erakundeak (NBE), isilik samarrean ikusten denez, inkesta bat eginik izan behar du mundu guztian zehar. Nonbait, munduaren martxa negargarria (gosea, injustizia, miseria, desoreka…) nolabait zuzentzea eta ber-bideratzea uste zuen erakundeak, nola?, eta, galdera gordin baten ondorioz, gizarte mundialean bihotz zimiko ko(s)mikoa eragin eta behin betirako zentzatuko zelakoan jendea. Porru-hazi ederrak jaso ditu, aurki ikusiko duzunez.
Honako galdera hau ibilirik izan behar du NBE delakoak mundu zabalean nazioz nazio, auzoz auzo, etxez etxe: «Mesedez, zer iritzi duzu gaineratiko munduan dagoen elikagai eskasiaz? Erantzun zintzoki». Galdera gordina (!?) egin, bai; baina, agidanez, kukuak oraingoan ere oker jo eta sekulako porrota gertaturik izan behar du inkesta, zergatik?, eta etsigarriak izan omen direlako handiko eta hemendiko andre-gizonek, zaharrek zein gazteek, eman dituzten erantzunak.
Hasteko, Israelen ezin ulertu omen zuten mesedez horren benetako esanahia. Bestetik, Txinan eta Kuban eta lurralde arabiarretan, inkestaren galdera entzun ordukoxe, iritzi hitzarekin gelditzen omen ziren jo-ta-ma, zeharo harrituta; eta, ahopeka, adierazteko termino horren esanahia eskatzen omen zuten lehiatuki. Estatu Batuetan, berriz, zera galdetzen omen zuten denek, alegia, gaineratiko mundu hori inon ba ote zen, ez omen zeukatela berena ez zen beste munduren berririk.
Hurrena, Afrikan, ez omen zeukaten oso garbi zer ziren elikagai ditxosoak. Handik gora gero, ia Europa guztian, ez omen zekiten zehazki zer ote zen eskasia. Eta, azkenik, Espainiako, Argentinako, Kolonbiako, Txileko, Boliviako, Peruko, Brasileko eta Venezuelako parlamentuetan, oraindik oraintxe ere sutsuki ari omen dira debatitzen eta eztabaidatzen eta mozorroz janzten, gehien-gehienak gaztelania harroan, zer arraio kristo demontre ote den erantzun zintzoki delako hori…
***
Honainokoa inkesta. Deusen berririk ez, ezta? Munduak bere bidean bira: zertako egin protesta…!? Hala esan zidan behin aitona xahar batek: «Nahi duana egiten duala ere, deus ez duk aldatuko munduan». Pablo Nerudak ere berdintsu: «Tristurarik handiena da deus ez dela aldatzen munduan». Eta gure Pio Barojarena. Kazetari batek behin galdegin omen zion: «Ehun liburu idatzi ondoren, uste al duzu eragin duzula gizarte espainiarrean?». Eta Piok: «Hori itsasora ttu egitearen pare da».
Iritziak iritzi, horra akaberara iritsi. Eta behin honaino iritsita, akaba dezadan, badut bi iritzi ta… Gauza jakina da (Atapuerkako garaietatik jakina, gainera) iritzia ipurdiaren pareko dela, bakoitzak berarekin daramalako berea; hala bata nola bestea. Eta hortixe dator bi xelebreren pasadizo hura ere. Batek esan omen zion besteari: «Nahi duan beste jira emanda ere, ipurdia beti gibelean (atzean) hik!» Eta honek erantzun: «Heuk ere bai. Baina, hire zuloa begi bistan nik!». Zenbat buru, hainbeste apuru.
Bizargorri, 2014-08-20