MADRILGO BI LEHOIENA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

MADRILGO BI LEHOIENA

Gehienek diote zoologikotik ihes egindakoak omen zirela; gutxi batzuek, bilbotarrak omen zirela. Bada, ordea, esaten duenik ezetz; bi lehoiak Madrilgo Parlamentu aurreko harrizko lehoiak omen zirela, sorginkeria harrigarria medio, hezur eta mamizko bihurtu omen zirenak. Egia bide dena da, biak behin, ilargi beteko gau batean, bihurritu eta, Madrilgo kaleetan barrena ezkutu-gordeka, zein zeinek bere bidea hartu zuela ihesi.

Batek hiritik harago joatea erabaki zuen, baso-mendietan erosoago moldatuko zelakoan jateko eta lo egiteko lasai. Bigarrena, aldiz, hirian bertan gelditzera deliberatu zen, gerta ahalak gerta… Jendea aurki konturatu zen, jakina, bi lehoiak falta zirela. Igoal dio parlamentukoak, Bilbokoak ala zoologikoak ziren; nabaria zen haien eza. Bilatu zituzten, amorratuta bilatu ere, ezin zitezkeela-eta urrutira joan ziudade jendetsu halakoan… Ezta arrastorik ere.

Handik astebetera doi, jendearen harridurarako, hor non itzultzen zaien, umil eta mantso, mendietara alde egindako lehoia. Errukarri zetorren gaixoa, errukarri zetorrenez: goseak hilda, hezur eta larru, leherrenak eginda, sukar errearekin. Albaitaririk onenek artatu zuten eta sendabidean sartu. Hiriko zoologikora eraman zuten gero, eta burdinazko kaiolan giltzapean ezarri.

Bigarren lehoia ia ahaztuta zeukatenean denek, hiru bat hilabeteren ondoren, hiri erdi-erdiko soto handi, fresko, ilun, higuingarri batean harrapatu zuten txiripaz azkenean. Gizen-gizena zegoen, osasunez gainezka, deabruzko piztia. Normala den bezala, bere lagun-zaharraren ondoan ipini zuten hura ere giltzapeko. Madrildarrek, behin istorioan honetara ezkero, bi lehoien arteko elkarrizketa kontatzen dute, sinesteak lanak ematen badizkie ere askori. Honelatsu:

—Nola arraiotan mantendu haiz hi hiri barnean hainbeste denbora, eta gizendu haiz horrenbeste!? Nik, motel, ehizaren debekualdia izan arren, mendirik mendi ibilita ere, ez nian ahutzak gozatzeko lain ezer harrapatzen. Hura gosea! Badakik: hortzak izerdi, hesteak igeri. Beraz, hala bizi baino entregatzea hobe nuela eta, hemen nagok.

—Guztiz bestela fortunatu zitzaidaan niri, ba. Nire artean egin nian: «Espainian nagok. Hemen nora, zein zulotara, ez dituk nire bila etorriko? Ministeriotara. Ministeriotara, koanto!». Eta hantxe ezkutatu ninduan lehen egunetik. Jende franko baduk han zotzari ziria sartzen alferrik egonean dagoena. Egunero-egunero funtzionario bat jaten nian, eta inortxok ere ez zian ikusten han inor falta zenik.

—Eta nolatan harrapatu hinduten, ba? Funtzionarioak bukatu ala?

—Baita zera ere… Funtzionarioak ez dituk sekula ere bukatzen, motel. Egundoko hanka-sartzea egin nian, errakuntza barkaezina. Mea culpa. Janak nitian ordurako 20 aholkulari, 8 zuzendari, 5 koordinatzaile, 22 dama idazkari pribatu, 20 sindikalista eta 15 sailburu. Inor ez zuan ezertaz ohartu; ezta inor ere. Baina, ai ene bada!, ordenantza jan nuen egunean, goizero kafeak eta txurroak banatzen dituen enplegatua garbitu nuenean, akabo. Izorra hadi! Egun hartan, nireak egin zian betiko.

Bizargorri, 2014-10-08

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2014
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031