Ez gara orain ariko hemen, berriro, espainiar errege petral ustel eraitsi berriaren gainean. Ez. Haren notiziak maiztuak daude; gogait egin dugu dagoeneko. Historiak gerora ipiniko al du bere lekuan, berez eta legez dagokionean… Nolanahi ere, harenak erabat ahaztu gabe, gibel-asmo gisa harturik baizik, beste errege ingeles baten aitzakiarekin zera esatera nator:
justizia ez dela justua askotan. Pellokeria galanta, zozokeria jesusena…, baina egia mingarria, alafedetan! Ez da, ez, justua justizia; edo, nahiago baduzu, zuzentasuna ez da zuzena sarri; horrela esanda bai baitirudi indar handiagoa hartzen duela arestiko betiko topiko tipiko mitikoak. Izan ere, gezurrak egiantza har dezan, esaka eta esaka ari zaizkigu mandatari mailu guztiak, nahiz direla ezkerreko nahiz direla eskuindar, guztiok berdinak omen garela legearen aurrean. Zakurraren putza!
Guztiok berdinak izango gara legearen aurrean, agian; baina ez, ordea, inondik ere, lege hori betearazten dutenen aurrean. Ez zuen arrazoi faltarik, ez horixe, morroi poloniar hark (morroi, ezen ez errege) egia handi hori idatzita utzi zigunean. Ezta Eduardo Galeano idazle uruguaiarrak honako historia jakingarri hau kontatu zigunean ere. Ondoren datorren guztiak harena du enborra; nireak adarrak besterik ez dira.
Historia hau ere, guztiak bezalaxe, luzea da eta korapilatsua: Ingalaterrako errege Karlos I.ak zergak igo, jendeak suak eta armak hartu, erregek orduan Erroma Katolikora (elizarekin topo berriro!) laguntza eskatu, Aita Santuak botere guztiak berretsi eta indarragotu, halere epaiketa antolatu, Londreseko legegizon handi-mandi gehienak beldurrez ihesi atera, John Cooke legelari pobreari asunto latza tokatu…
John Cooke jurista hori, agidanez, inork onesten ez zituen umilen arazoan saiatu izan zen gogotik beti, eta inork gaitzesten ez zituen handien erasoan. Eta fiskal harixe esker, historian aurreneko aldiz, 1649an, errege bat (Karlos I.a) salatu eta epaileen aurrera errenditzea lortu ahal izan zen. Egiak jasoz eta gisako argudioak josiz, epaimahaia konbentzitu egin zuen. Hiltzera kondenatu zuten erregea, eta borreroak, alimaleko aizkora zorrotzez, lepoa moztu zion, segak barea ebakitzen duen moduan.
Hamaika urte geroago, ordea, haren semeak auzitara eraman zuen Cooke jaun fiskala, errege-hiltzailetzat salatuta. Berak bere buruaren defentsan zera esan zuen: «Nik legea aplikatu nuen». Horrexek ekarri zion, sobra ere, galbidea gizajoari. Batetik, epaimahaikoei ateraldia gustatu ez; eta, bestetik, gainera, astungarritzat jarri zuten epairako. Londreseko dorre famatuan sartu zuten preso. Albora lagun onik apenas agertu omen zitzaion bat ere. 1660. urtean, biharko egunez, urkatua izan zen. Berak botereari erronka jotako sala berberean gertatu zen bera xehakatua, horra.
Munduko jurista guztiek bezala, jakin jakingo zuen ba John Cookek ere legea goian bizi dela eta behera egiten duela txistu; legeak goitik behera egiten duela, alegia, ttu eta karkaxa. Jakin, jakingo zuen ere, noski, justizia ez dela justua, eta denok legearen aurrean berdinak izanagatik, ez gaudela igualak legea aplikatzen dutenen aurrean. Hor baitago koxka. Burutik ezin ahaztu dena. Ahaztua, galdua izaten delako.
Bizargorri, 2014-10-15