EPITAFIOAK | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

EPITAFIOAK

Etzidamu, larunbatarekin, Domu Santu edo Santu Guztien eguna… Behin jaioak, hiltzea zor. Edo bestela esanda: atseginena izan arren komedia, azken aktoan beti dago tragedia. Hutsaren denboran pasatzen gara, izan ere, batetik bestera, jaiotzatik zortzara, atseginetik atsekabera. Eta nola denok ere badugun, baldinbetan, hildakorik etxean, egun kalendarioan seinalatu horretan jendea erruz joan ohi da kanposantura, ingurutxoa jo eta nork bere kutuna bisitatzera. Herio-orea dario han eta hemen, kristau herrietan, egun ilun huts lore argiz bete horrek.

Datorren zapatuan, hortaz, hilerriren batera baldin bazoaz, ikusiko duzu, ikusiko duzunez, galtzadun eta gonadun kopetilun franko malkoak xukatzen eta mukiak ziztatzen. Eta begira jarrita, ikusten hasita, ikusiko ere dituzu noski, jende artean, hilobi buruetan geldi eta tente, hilarri franko. Eta hilarrietan, epitafioak. Denetarikoak badira. Irakurriko dituzu batzuk hotzak: izena, gurutzea eta kito; bistaratuko dituzu asko tristeak: osa ona omen zenekoa hila, bakarrik sentitzen omen denekoa bizia, pena eta samina besterik utzi ez omen duenekoa etxean eta auzoan…

Baina, tartean-tartean (batzuek hiletan, besteak opiletan), begiztatuko ere dituzu batzuen batzuk, gutxi, barre-samurra eragingo dizutenak. Umore ona zabaltzen hor dihoaz. Famatuak badabiltza aspaldian makina bat hitzetik hortzera, gezurrak omen direnak batzuk (Groucho Marx-ena, adibidez: «Barka zaidazue altxatzen ez banaiz»). Gure hurbileko kanposantuotan, ordea, badira egiazko ale ederrak. Esate baterako, Irungo bi semeek beren amatxo zenari idatzita ipini ziotena, orain denbora asko ez dela: «Gaur berandu iritsiko gara; ez zaitez gure zain egon jaikita».

Denetan politena, hala ere, den-denetan ederrena, epitafio guztietan majoena iaz deklaratu zuten bat. Beti bezala, Ameriketan. Egileak berak ez du, nola ba!?, sariaren berririk jakin, ezta saririk batere jaso ere, hilobian baitatza seko demonio, bere amodiozko abentura ugarien kariaz, sobra ere. Ipar Ameriketako Utah-an, Mr. Russell J. Larsen jaun zenak bere hilarrian, epitafio gisa, idazki bat ipinarazi omen zuen, harri gorrian zizelkatu erazi omen zuen, hil aurretik, jakinaren gainean inondik ere, zer atarramendu zetorkion ikusita, gizajoak. Hitzak haribira, goazen harira, haren esanak honako hok dira:

«Bost arau badira gizon batentzat, zoririk zoriontsuenean bizi dadin; hona. Bat: inportantzia handikoa da enplegua duen andre esaneko bat izatea, etxean lagundu, etxeko jana ondu eta etxea jasoko dizuna. Bi: inportantzia handikoa da barrea eta irria sarri eragiten dakien, eta eragiten dizun, andrea aldean izatea. Hiru: inportantzia handikoa da gezurrik egundo esango ez dizun andre konfiantza guztizkoa izatea. Lau: garrantzia handikoa da ohean zurekin egotea gogoko duen andre jostari limuria izatea. Eta bost: ezinbestekoa da, ezinbestekoa denez, alajainkoa!, arestiko lau andre horiek elkar ez ezagutzea. Ni nagoen bezala amaituko baituzu bestela. Hona hemen ni, hilik».

Bizargorri, 2014-10-29

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2014
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031