Trujillotik Behobiara, Reusetik pasata | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

Trujillotik Behobiara, Reusetik pasata

Datorren igandean, azaroaren bederatziarekin, dator hortik honakoa. Katalunian, independentziaren aldeko, edo ez aldeko, botoa emateko aukera; eta, hemen gurean, Behobia-Donostia karrera. Nik gaur Extremadurako gizaseme baten kasua kontatuko dut, bi gertaera horiekin zerikusia duena. Gordin samarra da, sinesgaitz samarra… Egiazkotzat saldu didate; nik erosi bezala eskaintzen dizut.

Gizon gazte hori Trujillon jaio eta bertan bizi izan da, nonbait, duela gutxi arte. Espainiako ustelkeria amaigabearekin obsesioraino beteta, alda-haize gogorrak jota, katalan bihurtzea erabaki zuen, aspaldi ez dela. Horretarako zer egingo, zer egingo…?, eta mediku ezagun batengana joan zen laguntza eske.

—Egun on, mediku jauna. Katalan egin nahi nuke. Zer esaten didazu…?

—Hara bestea…! Zer dela eta?

—Potroetaraino nagoelako. Probintziotan ezin eraman dut espainiar burlatu otzan bizi behar hau. Haiek, behintzat, arraza noblekoak dituzu; haiek, sikiera, potroak erakusten dituzte… Etxeari eusteko habe txarrak gaude hemen, han ez bezala.

—Begira, zer nahi duzu esatea? Neu ere extremeñoa nauzu, zu bezala. Ezin izan naiteke, hortaz, laguntzailerik aproposena. Onena izango zenuke, noski, mediku katalan batengana jotzea. Ez al zaizu iruditzen? Kolega lagun bat badut Reusen…

Hain erreta eta horren haserre zebilen aspaldian gure gizona, bost egun baino lehen Katalunian zen. Behin han, aise lortu zuen Reus-eko medikuarekin hitzordua.

—Egun on, mediku jauna –esan zion; gaztelaniaz, jakina, elebakarra izaki-. Zuen moduan, katalana izan nahiko nuke. Inolako sistemarik ba al dago edo…?

—Egongo ez da, ba! –erantzun zion doktoreak; katalanez, noski–. Ez dago batere arazorik, gizona. Ebakuntza erraza da. Barrabilen tamaina handitu: horixe da guztia. Horrela esanda, arriskutsua dirudi. Ez duzu, baina, kezkan zertan egonik. Geroz eta gehiagok eskatzen digute azken boladan, eta denak primeran atera izan dira.

Egin diote ebakuntza… Aurki, ordea, erizainak ohartu dira barrabil handiegiak ezarri dizkiotela, gehiegizkoak. Ikusi zueneko, gozoa jarri zen doktorea. «Ai ene, baina! Pasatu egin nauk!», zioen bere kasa ahopekoka, katalanez. Okerra lehenbailehen konpontze aldera, zer egingo, zer egingo…?, eta albait azkarren esnaraztea pentsatu zuen. Esnatzeko eta esnatzeko egiten zion lozorroan zegoenari, masailekoak emanez.

—Mmmm, mmm… -zezelkatzen zuen trujilloarrak.

—Ondo al zaude? Ondo…!? –katalanez, doktoreak.

—Primeran –garbi aditu omen zitzaion orduan gaixoari… euskaraz!-. Gora Euskadi! Laster banoa txuleta jatera eta sagardoa zarra-zarra edatera. Osasuna, bakea eta lapiko betea!

Gizaseme horixe Behobia-Donostia korritzera omen dator. Ea ikusten duzun. Buruan txapela, galtzamotz aurre-lasaiak eta elastikoan sagardogile baten publizitatearekin aterako omen da, euskal herritar itsutu potroso berri.

Bizargorri, 2014-11-05

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


noviembre 2014
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930