Urteak bizkarrean pilatu ahala, ajeak eta zimurrak eta ile-zuriak ez eze, beldur inozoak ere sortzen dira, izu irrazionalak, ikara eramangaitzak. Adin batera iritsi denak badaki ondo zer esaten ari naizen; iritsi ez denak, berriz, jakingo du adinduko denean; adinetara heltzen bada, baldinbetan. Hala ibili izan da orain dela gutxi arte, beldurrak airean, gure lagun-xahar bat, aspaldi samar gazte izana huraxe ere.
Alargundu zen halabeharrean, nahi eta uste baino lehenago. Harrez geroztik, ezin lo hartu zuen gauez, goganbehar gaiztoa edo sospetxa petrala sortzen zitzaiolako: ohe azpian bazuela norbait, bazuela norbait ohe azpian… Eta gauero izu handiak erasaten zion zeharo. Bere buruari onik ematen ez ziola-eta, hautsi-urraturik berak berez ez zuela-eta, zaharrentzat botika onik ere ez dela-eta, botikatara gabe, hiriburuko psikiatra itzal handiko batengana bideratu genuen lagunok, hobe beharrez. Inork sendatzekotan bada, harexek…
Joan zitzaion kontsulta dotore elegantera zintzo, eman zion bere beldur izugarriaren berri umilik eta makurrik; alegia, ikara latzetan zebilela azken bolada luzean, lotara joaten zen aldiro ohe azpian norbait zegoelako ustea sortzen zitzaiola batere motiborik gabe, ea erotzen hasia ote zen, ea sendabiderik ba ote zeukan, ea… Hamabi hilabeteetan sendatuko omen zuela seguru, agindu zion psikiatrak; astean hiru aldiz bisitan joateko berarengana eta izu-beldur guztiak haizatuko zizkiola, ziur!
Biharamunean pozik inguratu zitzaigun eguerdiko baxoerdietara, auzoko tabernara, ezkon-garaian lehenago bezala. Esperantza onean zela adierazi zigun, kontent zegoela; baina: «Hauxe bai esango dizuet: sesio bakoitzeko ehun euro kobratuko omen dizkit, eta garesti iruditzen zait oso, ez da hala? Gaueroko kalbario hau kentzen badit, halere, tira… Ikusiko dugu». Ikusiko dugu, ikusiko dugu…, hurrengo astetik aurrera ez genuen gehiago berriz auzoan ikusi lagunartean.
Harik eta zapatu batean behin, sei hilabete juxtu geroago, gure lagun-xaharra agertu zitzaigun arte, txoteko urrea baino tenteago, beintizinko baino gusturago, uste-ontsu eta optimizaturik total. Zer berri?, zer berri…?, galdetu genion zurturik bezain interesaturik. Haren kontaketa jario biziko hitz andana izan zen, ziriz eta irriz betea, barrenak ez baitira ikusten sekula, esanaz azaltzen baizik okasiotan:
—Psikiatra doktorearekin izan nuen lehen harremanaren berri baduzue, neuk esanda. Hasi nintzen joaten, eta lehen hiru saioetara soilik agertu nintzaion. Gero, jai… Orain denbora asko ez dela, kalean topo egin genuen biok. Eta ea zergatik ez nintzen gehiago joan, galdetu zidan hizketa zurian; ni ere zaharrago eta beharrago ibiliko nintzela, noski. «Begira –ebaki nion zorrotz–. Arbola iharrean aise egiten da egurra. Burla gutxi niri. Urtebetean astero hirurehun euro gehitxo da niretzat… Zorionez, tabernari batek sesio bakarrean sendatu zidan nire zera guztia, hamar euroren truke, pintxoa eta zerbeza barne!». Pipertu egin zitzaidan doktorea: «Baso zikinak betetzen besterik ikasi ez duen tabernari ziztrin batek, hamar euro ziztrinengatik, sendatu zaituela zu!? Tira, tira…!». Eta: « Ba, bai –erantzun nion–. Oheari lau hankak mozteko esan zidan, hartara ez zela-eta inor azpian kabitu ahal izango!!». Txurrut, lagunok…!
Bizargorri, 2014-10-12