AHOAN HAGINA, POLTSIKOAN MINA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

AHOAN HAGINA, POLTSIKOAN MINA

Aho-zuloan, zenbat arazo! Zenbat lan ematen diguten, denoi ez bada gehienoi, hortzek eta haginek! Hortz bat koloka hasi zaigulako, bakteriek hagin-zuztar ingurua infektatu digutelako, urtean behin gutxienez aho barrua errotik saneatu behar omen delako…, txitean-pitean gabiltza dentistarenera bisitan. Eta bisita bakoitzeko, faktura. Eta nolako fakturak, errekoino ez ezik errekoinoetan!

Kasua kontatuko dut neuri gertatua. Oraintxe hamar bat egun, hasi zait hagin baten pean mina dzast-dzast. Min eramangarria, nolanahi; baina oinazea biziagotu baino lehen, Donostiara abiatu nintzen jaun dentistarenera. Gizonak hagina aztertu eta plaka atera zion. Normala zela, sarri gertatzen dela: hagin azpietan bakteriak sortzen omen dira, denok omen dauzkagu, baina inoizka zitaldu eta gaizto jartzen omen zaizkigu: infekzioa, mina, putakeria… «Hauxe ere badiagu, ba!», nirekiko.

Ea zer egitea komeni ote zen, bada. Eta esango zidala bere lankide batek hurrengo egunean. Joan nintzen, hortaz, biharamunean zintzo, eta dama dentista gazte batek errezibitu ninduen txeratsu, euskara ere gozoan. Ez hartzeko antibiotikorik, gomendatu zidan; berak, hurrengo batean laster, egingo omen zidala egin beharreko lana: anestesiatu, hagin-betegarri zaharra kendu, behera zulatu, garbitu eta berriro bete; ordubete beharko omen zuela. Konforme, esan nion, eta presupuestoa eskatu.

Ondoko gelara lagundu zidan, hitzordua ezarri eta presupuestoa zehaztera. Neska idazkariak ahoan niri egin beharreko lanak ordenagailuan idatzi zituen eta, inprimitzerakoan, zerbait arazo sortu zitzaion. Halako batean, halere, inprimatu ahal izan zuen presupuesto-papera, erdipurdi. Izan ere, ezkerraldea (lanen deskribapena) xaburreatua zegoen, ia irakurri ere ezin zela; eskuinaldea, aldiz, argi eta garbi, zifra bat ere galdu gabe: 100 gehi 190 gehi 150, guztira 440 euro. A ze sustoa, arraio tximista!!!

Beraz, ni bezalako lau bezerorekin, lau orduko lanarekin, 1.760 euro atera ditzake dentista bakar batek, egunean; astean, bost egunez lan eginda, 8.800; eta hilean, 35.000 eurotik gora, aitaren eta semearen…!!! Herrira orduko, bi mediku ezagun eskarmentaturi kontsulta egin nien. Harritu ziren seko, belarri atzeari hazka. Biek ahoko bakteria garbigarri bat eta antibiotikoa aholkatu zidaten; baita errezetatu ere. Hamabi euro, guztira! Hasiak ditut tratamenduak eta hobe nabil; ikusiko dugu gerora, sei egun barru… Izan ere, laurehun eta berrogei euro hagin-zulo batean, ordubetean!?

Kontuak atera ditut. 440 euro horiekin, berrogei kilo Tolosako babarrun berri eros nitzake, gure auzo osoan urte osorako lain; edo Guijuelo-ko bost urdaiazpiko, senideentzat… Baina, ez. Badakit zer egin: datorren apirilean, emaztea eta biok, zazpi egunetarako, Ibizara joango gara Imserso-rekin, bion bidaiak eta loak eta janak guztiak barne, 448 eurorengatik!!! (sic). Begien aurrean ditut bidaia-txartelak. Alde ederra dago! (Edozein moduz ere, zuhurki jokatzea komeni da. Hobe dentistarekin onezkoak eginda egotea, aurki joan beharko natzaio-eta bisitan berriro. Beraz, Xalbadorrena: «Ene dentistok, ez otoi pentsa, neure gustura nagonik… Zuek ez bazarete kontentu, errua ez daukat ez nik… Sustoa jo didazue baina, maite zaituztet oraindik!»).

Bizargorri, 2014-11-19

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


noviembre 2014
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930