Albert Einstein jakintsuari Estatu Batuetan, unibertsitatez unibertsitate hitzaldiak ematen zebilela, maiz egiten omen zioten honako galdera betiereko hau: «Jainkoagan sinesten al duzu?». Eta fisikari alemanak, beti ere, erantzuten omen zuen: «Sinesten dut, bai, Spinozaren Jainkoagan». Spinozarenik ezer, ordea, inork gutxik zuen irakurria entzule guztien artean nonbait, eta lehen adinean geratzen bide ziren gehienak, erantzunaren funtsaren berririk gabe. Zeuri ere, irakurle, huts-egite berbera gerta ez dakizun, euskarara neure gisara ekarria, hemen erakutsiko dizut Spinozaren jainkoaren berri; edo (sive) Naturaren. Gaur, lehen erdia; hurrengoan, gainerakoa.
Jainko delako hori honela omen litzateke mintzatuko:
«Utzi, utzi errezatzeari eta bular-kolpeka aritzeari! Zure bizitzaz gozatzera mundura atera zaitezen nahi dut nik. Goza eta kanta eta jolas dezazun nahi dut, zuretzat egin dudan guztiaz disfrutatuz. Utzi, utzi nire etxeak omen direnetara, zuk zeuk eraikitako tenplu hits, hotz, ilun horietara, joateari! Nire etxea mendietan da, basoetan, ibaietan, aintziretan, hondartzetan… Horietan naiz ni bizi, eta horietako bakoitzean dut nire zureganako amodioa agertzen.
Utzi, utzi zure bizitza gupidagarria nire erru egiteari. Egundo ere ez dizut nik esan zugan gaiztorik dagoenik, ezta bekatari zarenik ere, ezta sexualitatea txarra duzunik ere… Ez! Sexua neuk eskaini dizudan oparia duzu, zeinaren bitartez zure maitasuna, zure estasia, zure poza aditzera eman ahal dezakezun. Utzi, hortaz, sinestarazi dizuten guztiaren erruduna nor?, eta ni egiteari.
Utzi, utzi Liburu Santuak direlakoak irakurtzeari, ez dute-eta nirekin ezertxo ere zer ikustekorik. Baldin eta, bateko egunsentian, besteko paisaian, betiko adiskideen hazpegietan, behin betiko zeure seme-alaben begi-ninietan ikusten ez banauzu, ez nauzu inongo inolako liburutan topatuko. Halere, behin ere izan ez dena, behin gertatzea nahiko.
Utzi, utzi beti-beti niri eskean jarduteari, eta izan ezazu nigan konfiantza. Zuk esan behar ote didazu, bada, niri nolatan moldatu behar naizen nire egitekoetan!? Ezta hurrik eman ere… Utzi, utz iezaiozu niganako beldurrez txikitzen bizitzeari. Ez zaitut epaitzen, ez kritikatzen; ez naiz haserretzen, ez zapuzten; ez dizut zigorrik ematen, ez mehatxurik egiten. Maitasun hutsa naiz ni; bete-betean!
Utzi, utzi niri barkamena eskatzeari, ez dago-eta zer barkaturik. Neuk sortutakoa zara. Neuk sortu zintudan zure grinez, zure mugez, zure plazerrez, zure premiez, zure inkoherentziez, zure…, zeure buruaren jabetasunaz! Nolaz, beraz, egotz diezazuket ezeren errurik zuri, baldin nik sortu bezala jokatzen baduzu!? Nolaz, baina, egotz diezazuket deusen errurik zuri, baldin zeu zarena neuk egina bada!?
Uste al duzu, gaizki portatzen diren neure seme-alabentzat, erre-toki bat egin dezakedala nik, betirako, in saecula saeculorum!? Zein nolako jainko arraiok egin dezake halako disparaterik!? Nork, ezinagoko izugarrikeria halakorik!? Lehenago zeru-goiak eroriko dira… (Jarraituko du: hau ez da ipuina, bai talo-burdina!).
Bizargorri, 2014-12-10