SENAR BAT | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

SENAR BAT

Joan den larunbatean, gaueko hamarretako hotzetan, jokatu zen Gipuzkoako derbia Anoeta futbol zelaian Errealaren eta Eibarren artean. Athletic txarto dabil; Erreala, txarki; Osasuna, gaizki; Alaves, makal… Eibar, motel guztion alkate ibili arren aurten aurreneko aldiz, galtzaile atera zen Donostiatik. Suerteak ebaki omen zuen, gehienbat, auzia. Bat eta huts. Errealak arnasa eta Eibarrek putz.

Utz ditzagun, baina, futboleko emaitzen gorabeherak eta begira dezagun harmailetara… Denetik bada, jakina, bateko zein besteko zaleen artean. Zenbaitzuk, ordea (zerri goseak ezkurra amets), zentzutik kanpoan ari ez ote diren pentsa liteke, hotz pentsatzen jarrita; ero eta zoro garbiak ez ote dauden. Ormaiztegin esan ohi zen bezala, min gutxi eta axanpa asko. Zoro guztiak ez dira preso, benetan.

Bi begiak baino nahiago du zenbaitek futbola, futboldromoa. Itxura txoil diferenteak erakutsi arren, klub bat-bereko dira guztiak. Badirudi gogotan beti daramaten bakarra beren begininietako ekipoa dela; gainerako guztia, aldiz (bizitza bera, alegia), begitan hartua dutela. Bata, nahia; gainerakoa, nahieza. Etxekoa maite dute zakurrak harria bezala. Astean zehar, egunik egun, larri-ipurdi dabiltza asteburua noiz iritsiko, zertarako?, eta, errealitatetik ihesi, harmailetatik beren bizitzari builaka, oihuka, madarikazioka ekiteko.

Kasu sinesgaitz latza kontatu didate. Debagoienekoa izan behar zuen, agidanez, gizon adintsuak; Urola Garaiakoa, agian. Erreal-zale ala Eibar-zale ote zen da hemen gutxienekoa. Bi bazkide-sarrera zeuzkan, antza, joan den larunbateko zorioneko derbia ikusteko. Bere jarlekuan eserita lasai-antzean zegoen gizona partida noiz hasiko. Aldamenean, eskuineko aldean, inor ez, jarleku bat hutsik… Hartan, gizaseme handikote bat inguratu eta esertoki hura okupatua ote zegoen galdetu zion. Eta:

—Ez. Libre dago.

—Harrigarria da –gizasemeak–, harrigarria denez. Bazkidea izango da, noski, eta gaur etorri ez!? Zein zentzuzko zintzo, hau bezalako sarrera izaki-eta, gaur bezalako partida ikustera etortzen ez da!? Gipuzkoako derbia, sekula eztakoa, liga puri-purian dela, eta agertu ez…? Nola liteke, baina, tamainako astakeria egin…!

—Egia esan, jarlekua nirea da. Aspaldi erosi nuen. Berez legez, nire emazteak egon behar zuen hemen aldamenean, baina zendu zen, akabo. Hauxe da euskal futbol ekipoen arteko lehendabiziko derbia biok elkarren ondoko hemen ez gaudena, duela berrogeita koska urte ezkondu ginenez geroztik; gaurko hauxe da aurreneko aldia…

—Ene, bada… Barka! Penagarria, benetan. Atsekabean lagun ni ere, gizona… Hala eta ere, ordea, ez al zenuen beste norbait, ez dakit ba nik, adiskideren bat edo, seme-alabaren bat edo, auzokoren bat edo, senitartekoren bat edo, hemen ondoan jarrita lagun egiteko, gaur bezalako futbol-egun handian?

Gure aitonak buruarekin ezetz, ezetz.

—Ez, ba. Denak ere hileta-elizkizunaren ondoko parafernaliatan geratu dira.

Bizargorri, 2015-01-28

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2015
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031