Ondoren datorren historia guztia, umore ttanttaz bustia, Semanario Republicano aldizkari zenean 1928ko abuztuaren 14an publikatutako «La Frontera»-tik atera dit Mikel Jauregi hondarribiar adiskideak. Idazlana Juan de Arrizurta-k sinatu zuen. Nik gaur, orduan euskaraz gertatuak baina gaztelaniaz kontatuak, euskarara dakartzat atzera berriro bueltan, balizko irakurlearen entretenigarri.
Jaizkibelen ekialdeko muturrean, itsas urdin hutsari begira batzuk eta Aiako Harri gorriari beste batzuk, gaur egun bezala orain ehun urte ere, baserri gorri-zuriak zeuden han-hemenka. Haietako batean bizi zen, agidanez, hemen solasgai dugun Mañuel, jendeak ofisiala deitzen omen zioten hura. Mañuel hori karlisten armadan, azkeneko karlistadan noski, ofiziala izana zen eta, bistan da bada, horrexegatik haren goitizenarena: ofisiala. Esaten omen zuten askok, eta fama omen zen garai hartan, inork ez lukeela hark bezain zuzen eta seguru armada bat mendiz eta xendaz gidatuko, baita Bilbo edo Gasteiz edo Zaragoza bertaraino ere, Jaizkibeleko edozein aldeetatik abiatuta. Dirudienez, beraz, ez zen edozein hondarribiar karlista hura.
Ofisialak ez omen zekien irakurtzen. Hala ere, egunkariak erosten omen zituen. Idazlariren bat-edo bere azañen, ideien eta istorioen eske joaten bazitzaion, buruiritziz mintzatuko zitzaion; alegia, harro eta tente-potente. Bere jakinduriaren alabantzak eta argudioen goraipamenak atsegin handiz onartzen omen zituen; aldiz, inork harenik dudatan-edo ipintzen bazuen, sutan jartzen omen zen, dios eta kristoka: «Alde egin zak hemendik; hartukottuk epelak, bestela!». Hala behin, periodikoa mahaian aldrebes jarrita, azpikoz goitti irakurtzen ari zela, piko eman omen zion bateon batek, atentzio emanez bezala. Burua biratu eta hitzetik hortzera erantzunik izan behar zion gure Mañuelek haserre bizian: «Ondo jakiñ duenak erozein moduan leitzen dik, babu ostiya!».
Beste behin, berriz, ez dakigu nongo ganadu-feriatan, pinta txol ederreko idi pare indartsua erosi omen zuen, lehengo zaharrak kenduta, gurdi-lanetarako. Salamancatik ekarriak ziren eta ez zeukaten okerragorik, egia esan. Idi berri horiek, ordea, ofisialaren hizketa tutik ere ulertzen ez. «Aida!» oihukatu eta kasurik ez. «Esti!», eta are gutxiago… Bere baitan Mañuelek: «Orain ere egin diat nik negozioa, porlos! Osasuna saldu eta gaitza erosi, horra…».
Mingain gabeko zintzarria sasian usteltzen omen dela-eta, badaezpada, hurrengo astean bertan, idi-parea berarekin hartuta, gozoa joan omen zen ganadu-feriara berriz. Idiek ez omen ziotela batere obeditzen! «Pastidioso! Pastidioso! –esan zien saltzaileei–. Bien pastidiau yo en comprar de ustedes, que estar buey belarrimotxas!». Saiatu omen zen gizona esplikatzen, edozein idik, edukazio pittin batekin, entenditzen duela aida nahiz esti… Baina, ez alferrik: saltzaile kastillanoek kasurik ere ez… Bere idi-parearekin atzera etxera bueltatu behar izan omen zuen, erremediorik gabe. Madarikazio batean, hori bai: «Au duk comediya, orain zarrian erdaras ikasi bihar!». Akuilu eztenarekin zirikatuz («aida»-ka garrasika hastea alferrik izaki), hala esaten omen zien bere idi ederrei, ezti eta goxo: «Guamos! Guamos…!».
Bizargorri, 2015-02-11