Erdi Aroan behin, Ordiziako hiribilduan, jauntxo gaitzerako makur batek andre bat hil feria egunean, eta haren senarrari egotzi zioten errua biharamunerako. Nola jaun itzal handikoa baitzen, eta esku ere luzekoa, agintariek-eta segituan aurkitu zuten pagaburua: “senarra bera jarriko diagu hiltzaile kulpadun herriaren aurrean, eta kito!”. Jauntxo handikiak han egin zuen beste morroi harena: arratsaldean lotatik jaiki eta “gaur eguzkia kontrako aldetik atera duk” esan. Nork bere errua hurkoari ipini, alegia.
Egun batzuen buruan, auzitegira eramana izan zen gizajoa, bihotza bi erdi eginda. Bazekien bere aitorpenak ez zuela ezer balio izango epai-bidean (“hemengo nire esana eta mendiko ahuntzaren gauerdiko eztula, pareko”); bazekien ez zela aise urkamenditik libratuko; ez, alajainkoa… Epailea bera ere, jakina, jauntxoaren konplizea zen; eta, senar alargun berri hura aurrean paratu ziotenean, esan zion:
—Gure herri honetan ondotxo dakigu Jainkozale handia zaudela zu aspaldian. Beraz, utz dezagun Haren nahieran zure patua; eman dezala epaia Berak. Horretarako, bi papertxoetan idatziko dugu, batean “errudun”, bestean “errugabe”. Tolostuko ditugu paper biak eta zuk zeuk egingo duzu aukera batena ala bestearena. Jainkoak gidatuko duenez zure eskua zuzen, Hark du erabakiko ere zure auzia justuki…
Epaile saldu ustelak ordurako bi papertxoak presturik zeuzkan; biak ala biak, ordea, idazkun berberarekin: “errudun” batean eta “errudun” bestean. Senar biktima gizajoa ez zen ergel kamutsa edozein moduz ere, eta segituan jabetu zen tranpaz. Ikusi batera, ez zeukan han ihesbiderik; agidanez, zepoan eroria zen. Epaileak orduan, larderiaz, zorrotz, agindu zion har zezala papertxo tolostu bietako bat, edozein, ja!
(Hemen, irakurle, minutu batez sikiera geldituko bazina, hobe… Izan ere, zuk zer egingo zenuke errukarri haren kasuan? Zuk zer uste duzu egin zuela atarramendu hartan…?).
Gizaseme ordiziar zorigalduak orduan, arnasa sakon hartu, begiak itxi eta hausnarketari ekin zion mantso-mantso, isil-isil, kieto-kieto… Epailea larritzen eta epai-gelako jendea ernegatzen hasi zenean, begiak zabaldu, papertxoetako bat hartu eta… ahora eraman zuen dzast!, eta irentsi egin zuen klask! Dena di-da batean.
Harritu ziren guztiak total, haserretu ziren muzin. «Zer demontre egin duzu, madarikatua! –aurpegiratzen zioten–. Orain zer arraio egin behar dugu hemen…!? Orain nolatan jakingo dugu epaia? Nolatan antz emango diogu Jainkoaren nahiari!?».
—Oso erraz, demontretan! –erantzun zien akusatuak–. Hahorreko horretan gelditu den papertxoa zabaldu eta irakurri besterik ez dago. Paper horretan dagoen testutik jakingo dugu, zehatz eta bete-betean, zer zeraman idatzia nik aukeratu dudan besteak. Begia bezain zierto, eskuko bost behatzak bezain ziur. Hala ez da…?
Nahiezaren atsekabez purrustadaka, disimulatu ezineko muturrez bufadaka, Ordiziako senar faltsuki salatu hura libre utzi behar izan zuten derrigor; zer erremedio. Nahi duenak gehiago egiten omen du ahal duenak baino. Jaun Einstein-en esanean, dena galdua denean, irtenbidea ez da jakintzan, baizik irudimenean.
Bizargorri, 2015-02-18