Sagu batek, horma-zulotik begira, baserritarra ikusi zuen pakete bat eskutan zeramala, emaztearekin batera. Baserritarrak, bere artean: «Ailegatu da azkenean, horratik…!». Emazteak, begi luze: «Zabal dezagun, gizona!». Saguak, berekiko: «A ze nolako tripa-festa daukadan aurki, arraioak ez baditu…!». Sagua izutu zen, ordea, gero berehala, sagu-tranpa bat atzemanda. Saguak harrapatzeko zepoa zen eta! Korrika abiatu zen aztoraturik basetxeko bazterretara berri ematera: «Argi ibili, aizue, sagu-tranpa bat ekarri dute! Et! Izt! E…! Erne, adi, azti…, zepo berria jarriko digute etxean!».
Oiloa aztarrika zebilen etxe-ordean eta, lepoa luze: «Barka ezazu, sagu jauna -esan zuen, ardura gutxi harturik–. Konprenitzen dut nik zuretzat arazo gorria gerta litekeena. Edozein moduz ere, delako tramankulu berri horrek ez nau ni kezkarazten; ez zait zipitzik inporta». Eta potoko esnea baino gehiago ez zen larritu.
Ardiarengana joan zen sagua gero, eta hari ere halaxe esan zion: «Sagu-tranpa bat jarriko digute etxean; saguak harrapatzeko zepoa dugu bertan!». «Barka ezazu, sagu jauna –hark ere, zahagi zaharrak baino sentimendu gutxiagorekin–; baina, zer egin dezaket nik!? Zu zaude lasai, presente edukiko zaitut-eta nire otoitzetan».
Behiarengana egin zuen hurrena saguak, eta: «Sagu-tranpa eta zepoa eta zera niri zer…!? –demanda egin zion behiak muker, ez ikusia eginez–. Ni ezeren arriskuan nagoelakoan, ala!? Ez diat, ba, uste… Are gehiago esango diat: ziur nagok ezetz; zepo ziztrin hori bost axola zaidak niri. Heu molda hadi heure kasa; hor konpon».
Huts eta zurtz itzuli zen orduan sagua bere betiko etxe-zulora, errenditurik, noiz edo noiz, non edo han, aurre egin beharko ziola-eta zepo zitalari… Hala, etxean etsian zela, zalaparta handia sortu zen gau hartan bertan, tranpa batek piztiaren bat harrapatu izan balu bezala. Etxekoandrea bizkor mugitu zen, ea zer ote zuen zepoan ikustera. Iluna zen ordurako eta, bertatik bertara ere, emakumeak ez zuen nabaritu sugegorri baten buztana zegoela zepoan hartua. Sugegorriak heldu egin zion, klaxk!
Baserritarrak abian eraman zuen andrea ospitalera… Handik bueltan, artean sukarrarekin itzuli zen gaixoa etxera… Jakina da, sukar egoeran dagoen inor zaintzeko, ezer hoberik ez dela munduan zopa baino. Zopa…! Baserritarrak, etxera orduko, aizkora hartu eta salda-gai behinenaren bila jo zuen zuzen: oiloari lepoa moztu, lumatu eta egosten jarri zuen. Etxekoandreak hurrengo egunetan ere sukarretan segitzen baitzuen, ahaide eta ezagunak bisitan agertzen hasi zitzaizkion etxera mordoka…
Haientzat guztientzat zerbait ere behar, bada, eta arkumea akabatu, larrutu eta erre egin zuten. Hala eta ere, saldak salda, ahaleginak ahalegin, andre gaixoak ez zuen onera egin eta, zenbait egunen buruan, hil egin zen koitadua… Hileta-elizkizunak eta abarrak ordaindu behar derrigor ondoren, jakina, eta behia hiltegira saldu beste erremediorik ez zuen baserritarrak izan… Oiloa fini, ardia kito, behia akabo.
Zer duen ipuin honek irakaspen? Txanpon batek bezala, bi kara ditu erakusten: batetik, besteren minak begian loa eragiten digula gehienetan; bestetik, “hor konpon”ek etxea galtzen duela, galtzen digula, gehiegitan.
Bizargorri, 2015-03-25