Iazko udako igande goiz batean, mendigoizale itxurako hamaika txangolari badaezpadako, gizonezko eta andrazko larri, Urbasan gora egin eta gero, artzain-txaboletatik behera zihoazen, ordoki zabalean, Balcón de Pilatos deitutako amildegi lazgarriaren bila; ez Ur-ederraren grinaz, baizik bederatziehun metroko Honda-mendiaren peskizan, antzina hartara itzul-minez, agidanean… Eguzkiak ordurako harrotua zuen sakaneko maindirea; eguraldi errea zen, egosi nahi zuen berorekin…
Ordoki berdea igaro eta pagadian barrena sartu ziren, eguzki betetik itzal hotzera, inoizko pozenik zirela. Esan ere esango zuten, esaten balekite: «Iduzki denean zoin den eder itzala!», baina kia!, «Qué gozada!» edo antzeko zerbait esanik izango zuten, noski… Ufaka eta puzka, iji eta aja, denek ere bazeukaten zer-esan potolo franko, lagunen aurrean erakuskeriak egiteko. «Justizia den tokian, ez da pobreziarik», bota zuen batek. «Fruituak ematen dituzten arbolek jasotzen dituzte harrikadak», beste batek. «Euskaldun bizkaino-gipuzkoanoak jarri dira Bitorian okupa», hurrengoak. «Jende onak ez du deusetarako balio; azala behar da hemen latza eta esku luzea», hurrenagokoak. «Garesti ordaintzen da boterera iristea, zeren eta botereak ergel-kirten bihurtzen baititu pertsonak», urliak. «Sint ut sunt, aut non sint; izan bitez diren bezala, bestela ez bitez izan», sendiak. «Oihartzunak omen du azken hitza», berendiak.
Ibili-ibilian, beroak erasanik egarriak hiltzeko zorian jarrita, halako batean Bidoitza parera iritsi ziren. Hango iturria ikusi zutenean, korrika abiatu ziren hamaikak, txandarik hartu ezinik, edaten hasteko. Lehen-lehenengoa esku-ahurrean ura hartzen hasi zen orduko, berrehun bat metro atzeragotik, gizaseme baten hitz hotsak entzun zituzten: «Kontuz! Ez edan iturri horretatik, ura oso txarra da eta!». Txangolari arrotz haiek tutik ere ez zioten ulertu: «¿Qué…!?».
Artzainak orduan, artzaina baitzen gizasemea: «Kontuz ibiltzeko. Ur hori ez da edangarria; jakinen gainean ipintzen zaituztet, horra». Entenditzen ez ezer, eta, interesaturik halere nonbait, galdera berbera egin behar izan zioten bigarrenez: «¿Queee? ¿Qué dice…!?». Ordurako jada aldean zuten artzain xume otzana. Hirugarren aldiz, natural-natural: «Ez ezazuela, Jainkoaren izenean, ur zikin hori edan –ohartarazi zien–; lehen ere, behin baino gehiagotan, arazoak sortu izan ditu eta».
Txangolari koadrila bildu egin zen, ea zer arraio ari ote zen gizon basati hura. Eta haien arteko batek argibideak argi erakutsi eta argiago eskatu zizkion, gaztelaniaz:
—Txangozale talde bat gara; madrildarrak gehienak, eta pepekoak den-denok. Javier de Andrés eta Iñaki Oyarzábal jaun txit dontsuek gonbidatu gintuzten Vitoriako pepetokira, astebururako. Gaur Navarra ezagutzera etorriak gara mendira… Ez dugu vascuence-a entenditzen; ezta beharrik ere. Beraz, hitz egin iezaguzu espainolez, espainolez koanto!, Espainian gaude-eta, hala!? Zer koino, gero!!
Eta artzainak orduan, nolabaiteko gaztelaniaz hark ere:
—Que beban despazio-despazio les dezía, poco a poco mucho, está muy fría y!
Bizargorri, 2015-04-22