BABESA ETA EPELA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

BABESA ETA EPELA

Gaur zortzi, maiatzak hamahiru eta Euskal Herriak eguraldi zoragarria zuela, Bitoriako Sansomendi kuartelean, Espainiako Barne ministro Jorge Fernández Díazek omenaldia egin zion Guardia Zibilari, haren 171. urtemugan hemengo oila-lur hauetan. Han zen Letizia andere pinpirin erregina, bere motto edo motots eta guzti; han zen txapeloker bibotedun franko, bularra bete domina; han zen hirurogei mila euroko bandera urrezko alimalekoa, hemengo haizeak bildu nahiz… Euskaldunon babesa, epela, berotasuna omen dira horiek guztiak… Hura txalo hotsa hangoa!

Bere predikaldi irakinean, Jorge jaun ministroak esan zuen egundaino, sekula, egundo, behin ere, inoiz ere ez dela Guardia Zibila Euskal Herritik joango, «¡jamás!». Ez Aragoitik edo Extremaduratik, ez: «del País vasco, jamás». Eta, txalo zaparrada. Eltxoak txaloen artean akabatzen omen dira. Aparteko adurra du gizon horrek, ahoa zabaltzen duenero, ni behintzat gozakaizteko. Jakin beharko luke honezkero, bada, profeziaren artea ikaragarri zaila dela, batez ere, etorkizunari dagokionean (W. Allen).

Txolinen memoria eta lertxunen hostoa, bestalde, sekula ez omen dira geldi egoten. Beraz, gogoan izan beharko luke PPko txolin-hosto halakoak zer esan zuen behin, duela berrogei-bat urte, Fraga Iribarnek, beste ministro PPko hark: inoiz ere, behin ere, egundo, sekula, egundaino ez zela ikurrina legeztatuko. «¡Jamás…! ¡Tendrán que pasar por encima de mi cadáver!». Lege-legeko ikurrin batzuen azpitik igaro behar izan zuen gerora, gizajoak, bizi-bizirik zela artean, herrenka, ufaka, madarikatzen.

Bat joan eta beste bat etorri, halako jendilajeak maiz adierazten digu, haiek gu babesteko daudela, ‘vasco’ garenok epel-goxoan gauzkatela, euskal lurrak Espainiaren berotasuna derrigorrezkoa duela… Lelo memelo hori entzuten diedan aldiro, Stalinen anekdota hura datorkit beti gogora. Hark ere, Francok eta Fragak bezala, zahar-zahartu zenean, bere ondorengoak berak hautatu nahi, eta bi ministrori dei egin zien. Kaiola bat bi txori bizirekin aurrean ipini eta eskuan har zitzatela eskatu zien.

Lehenengoak, tiranoa besterik ez zenak, nonbait, esku batean estu-estu hartu lehendabiziko txoria eta akabatu egin zuen itota… Stalin, haserre. Bigarrenak, aldiz, errukiberagoa izaki agidanean, ezti-ezti hartu zuen bigarren txoria; baina hain eztiki hartu ere, non hegan ihesi joan baitzen hegaztitxoa. Stalin, haserre sutan. «Nik erakutsiko dizuet zuei –esan zien bi jaun ministroei–, nik erakutsiko dizuedanez. Begira…». Eta hirugarren txori bat ekartzeko agindua eman zuen.

Ekarri zioten noski berehala, eta, txoria bi hanketatik helduta, banan banan, dzast eta dzast, lumatxoak kentzen-kentzen hasi zitzaion. Behin erabat lumatu zuenean, txori errukarria Stalinen esku-ahurrean uzkurtu zen, nolabait ere, dardarka eta ikarati. «Ikusten duzue…? –esan zien orduan Stalinek puztuta, bere ondorengo izan nahi zutenei–. Hemen dago, hara; hemen dago… Gainera, bere esker ona erakusten du, nire eskuak darion epelagatik, berotasunagatik, babesagatik…».

Hala duela hirurogeita bost urte Errusiako kortean, nola gaur zortzi Bitoriako kuartelean. Hala bazen eta ez bazen, guardia zibilak Gasteizen, babazorroak zaintzen.

Bizargorri, 2015-05-20

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


mayo 2015
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031