Bi moja, ostegunero bezala, komentutik herriko kale eta aldirietako auzoetara, galleta egin berriak saltzera atera ziren, in nomine patrika. Kalerik kale, auzorik auzo, etxerik etxe ibili ondoren arratsalde osoan, bazetozen biak moja-etxera bueltan, erretira egitera, blagan biak, Jesukristok eztula egin zuen tokietatik. Bata zen Matematika Ahizpa; bestea, Logika Ahizpa. M eta L, hortaz, guretzat, hemendik aurrera.
—(M) Ilunsentia dinagu dagoeneko eta komentutik urruti gabiltzan oraindik…
—(L) Konturatu al haiz, ai ene, gizaseme bat atzetik segika datorkigula temoso?
—(M) Bai, konturatuko ez nindunan, ba. Zer helburu arraio ote din tentelak?
—(L) Logikoki, bortxatu egin nahiko gaitin. Narrutarako traza betean zetorren.
—(M) Goazen urratsean goazela, matematikoki, lau minutuan gainean dinagu.
—(L) Egin dezakegun gauzarik logikoena dun, arinago ibili, bizkorrago joan…
—(M) Alajainetan, ez zigun balio: distantzia berberean zetorren temosoa segika.
—(L) Logikarik logikoena usatu din-eta: zenbat eta arinago gu, arinago ere bera.
—(M) Eta orain zer!? Istanteko bertan dun; aurki harrapatuko gaitin. Hau ikara!
—(L) Egin dezakegunik logikoena dun guk biok banantzea: hoa hi horrako horretatik, noan ni honako honetatik. Alde, ospa! Biokin ezingo din, arraioak ez baditu!
—(M) Bi erbiren atzetik dabilen zakurrak, biak galtzen omen ditin…
Gizasemeak orduan, bat ala beste, zirt edo zart, Ahizpa Logikaren atzetik jotzea erabaki zuen… Noizbaitekoan, Ahizpa Matematika komentura ailegatu zen, arnasestuka, salbu horratik, Ahizpa lagun errukarriari zer nahigabe eta alditxarrak tokatu ote zitzaizkion kezketan, larri… Handik denbora asko baino lehen, hor non agertzen den komentuko atera Ahizpa Logika bera.
—(M) Eskerrak Jaungoikoari, eskerrak, ene bada! Esan, esan… Zer gertatu zain?
—(L) Logikoa: gizonak ezin bi bide segi, nire bila jo eta harrapatu egin nauela.
—(M) Eta…!? Gero zer…!? Zer egin dun hik!?
—(L) Logikoena: abitua azpi-azpitik hartu eta gerriraino altxatu dinat.
—(M) Abitua altxatu…!? Eta…!? Gizonak orduan zer…!?
—(L) Berak ere gauzarik logikoena egin din: prakak jaitsi.
—(M) Prakak jaitsi…!? Oh, ez! Eta gero…? Gero, zer…?
—(L) Gero zer eta gero zer!! Txolin arraioa. Logikoa: moja batek, abitua gerrira altxatuta, bizkorrago korritzen din, prakak orkatiletaraino jaitsitako gizonak baino.
Hala ez bazen, halatsu; egiak eta alegiak berdinak ez dira baina, bai berdintsu.
Bizargorri, 2015-06-03