ETSIA DA PORROTA, GURE ESKU DAGO-TA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ETSIA DA PORROTA, GURE ESKU DAGO-TA

Duela bost egun, ostiralarekin, hartu zituzten poz-pozik gure neska-mutilek oporrak ikastolatik, eskolatik, institututik, unibertsitatetik, Bidasoaren hala iparrean nola hegoan… Duela hiru egun, igande ederrarekin, ospatu zen euskal hirietan pozaren pozez, Gure Esku Dago-ren ekimena, oihalak josiz, erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz, bost hirigunetan jendetzak bilduz… Gaztetxoak txoratzen, herritarrak eztitan. Maite dena ez da neke, eta ai ene zenbat lan, lehen bezala orain. Ilusioa.

Poliki-poliki hotsak otzandu dira. Egunak ezinbestean aurrera joaki, ohikora itzuli gara. Herenegun, Kirmen Uribek: «Erabakitze eskubidea lotua dago norbanakoaren zorionari. Gure Esku Dagok ilusioa sortu du herritarren artean»… Atzo, paseoan nenbilela, umeak eta gazteak gurutzatu zitzaizkidan Bidasoa ertzean sarri, taldetxoka; ez nuen bat bakarra ere euskaraz ari zenik entzun. Gaur, berdin…

Lehen bezala orain, batzuk bero-bero, hil ala bizian kasik, gabiltzan bitartean, beste asko (bertako haur-gazte-zahar) axolagabe dabil, hotz-epel; garbi esanda, txiza baino epelago. Euskarari, gure hizkuntzari dagokionez, jakina. Xalbadorrek ama euskarari esan bezala: «Zure etxe-nagusi jartzean arrotza, halere ez zitzaizun gelditu bihotza: etxekoen eskutik duzu heriotza». Erabakitze eskubidea, agian noizbait, egon liteke gure esku; baina, jada dagoeneko, euskaraz ezin bizi gaitezke geure etxean. Bidasoaren bi bazterretan, bederen, apenas.

Xalbadorrek berak: «Herria da gorputza, hizkuntza bihotza; bertzetik berextean bitarik bakotxa, izaite horrendako segurra hil hotza». Eta Txilardegik: «Zerk egiten du Euskal Herria? Zerk egiten du gure naziotasuna? Zerk bizi gaitu? Zerk ematen digu gure euskal arima? Euskarak, eta ez bestek…! Administrazioa, irratia, telebista, dendak, lantegiak, unibertsitatea osoki euskaraz izatea beharrezkoa da euskara salbatuko bada, bestela, kito da. Utz ditzagun ametsak alde batera!». Ametsak, ilusioa.

Frantsesez, illusion, fantôme, charme; gaztelaniaz, concepto, imagen o representación sin verdadera realidad; euskaraz, lilura, begitazioa, ustekeria… Horixe gertatu izan zait niri behintzat (eta zuri ez!?), hirurogeitaka urtean lanean fin zintzo aritu ondoren: egunean baino egunean gogo gehiagoz jardun gure hitzen aldeko jolas-jokoan, eta apenas entzuten ahal dudan (ahal dugu!?) hiru hitz sikiera segidan euskaraz gure auzoan, gure herrian, nabilenean nabilela. Pedro M. Otañok: «Oialtzat hartu zagun euskera, goraizitzat Bidasoa…, zergatik izan behar ez degu famili bakar osoa?». Bidasoako guraizearena konponduagatik, familiako oihaletik euskara erori zaigu.

Jende zoriontsua herri libre batean!!! Amets? Ilusio…? Anoeta, San Mames eta beste hirurak ere erabat bete ez ziren moduan duela bost egun, gure barrena ere ez da pozez total beteko sekula, erabakitze eskubide soilarekin. Euskara da gure herriaren arnasa eta euskaraz nahi dugu bizi, lehenengo eta behin; herri libre batean, baldinbaitere. Eta nahikariak edertzen baititu gauza guztiak, euskara salbu izanen da, zu eta biok bizi garen artean. Ez etsi, hortaz. Etsia da porrota, gure esku dago-ta. «Geroak esan beza “erri bat izan zan”, edo-ta ats emaiogun ontan iraun dezan». Orixe.

Bizargorri, 2015-06-24

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2015
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930