DIN-GI-LIN-DAN-GO | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

DIN-GI-LIN-DAN-GO

Gaur, uztailak atari. Hurrena datozen bi hilabeteotan izango da bazterretan mundurik mundu irten beharra. Oporrak. Erruzko jendetzak mugituko gara batetik bestera, eta bestekotik bestekora… Errenteriako ezkonberriak orain urte asko ez dela mugitu ziren bezala, nora?, eta Karibera, zer arraio! Itsas-bista paregabeak, hondartza epel sekulakoak, irla mordo berri ikusgarriak… Zoriak bihurtzen du bizitza jostailu.

Joan ziren, bada, eta han zebiltzan berri-minetik ikusminera. Etxebizitza biribil buztinez igurtziak; palmondoak, kanoak, hamakak, aizkorak, zerbatanak; gerripekoz jantzitako indigenak, batzuk saskiak egiten, beste batzuk arrantzan, gehienak dantzan. Bigarren gaueko paseo aldian, zarbaz estalitako txabola zabal batean, kartel bat ikusi zuten: «Joxe beltzaren show harrigarria». Goazen!, eta sartu egin ziren, jakin-minez.

Oholtza baxu bat ageri zen atzeko hormaren kontra; albo bietan musika jotzen ari ziren mutil segail batzuk; neska gazte pinpirin bik mahaitxo bat ipinia zuten jada oholtzaren erdian. Musika doinua atsegina zen, eraman-erraza; jendeak zutik eztiki mugitzen zuen soina binbili-bonbolo artetsuan… Derrepente, ez nondik eta ez handik, hura ere binbi-lin-bolon dantzan, morrosko beltz galanta agertu zen eta oholtzara igo. Zuraje gaitzeko gizona zen, dena zain, dena soin gordin, dena txitxi eder.

Mahaitxora hurbildu zen. Neskato politek bost intxaur-ale ipini zizkioten mahai ertzean, ilaran xuxen… Orduan Joxe beltz morroskoak bere prakamotz estuak jaitsi, zakil tentea (hogeita hamar zentimetrokoa bai!) agerira atera eta… dinbi, danba, dinbi, danba, din!, horra bost intxaurrak kolpatu eta zart egin; bostak txiki arraio! Hango ikusleen mira! Hango txalo-hotsa! Aho bete hortzekin, gure errenteriar ezkonberriak ere amorratuta zeuden pozik. (Inbidia dezenterekin ere bai, dena esaten hasita).

Hogeita bost urte geroago, zilarrezko ezteiak ospatzera, nora joango?, eta Karibera, noski. Eta joan dira berriro. Lehenengo gauean, andreak: «Hara: oraindik ere hor dago-eta Joxe beltzaren show harrigarria! Goazen barrura». Barruan zera guztiak txukunago zeuden, apainago; beste gainerakoan, igualtsu: mutil ederrak musika joka, neska polit parea, mahaitxoa erdian… Derrepente, hara Joxe beltz berbera! Ilea urdinduxea zekarren, aitona zimurra zirudien, baina gihartsu zegoen artean gizona.

Bi neska pinpirinek bost koko ipini zituzten mahai gainean ilaran. Morrosko tzarrak zakila atera tente eta, di-da, zirt-zart, din-gi-lin-dan-go, bost kokoak lehertu! Anda-fandango! Jendea mira-mira eginda gelditu zen, txaloka. Ez zen gutxiagotarako. Dena amaitu zenean, errenteriar gizonak, zirioa baino zuriago, beltz handi hura zoriondu behar zuela kosta ahala kosta, eta atzetik abiatu zitzaion bila, andrearekin batera. Berehala harrapatu zuten, herri-bidean bertan, eta: «Ikaragarria zurea, Joxe; ikaragarria! Gure miresmenik handienak eta zorionik beroenak. Baina…, lehenago intxaur-aleak erabiltzen zenituen eta orain, berriz, kokoak. Kokoak! Zer dela eta!?».

Eta Joxe morrosko tzar beltzak, begiak ahalkez apalduta: «Izan ere, zer nahi duzue, ba…! –erantzun omen zien gure errenteriar ezkon-zaharrei–. Urteak ez doaz alferrik; eta, urteen joanean, bista galtzen da lanean».

Bizargorri, 2015-07-01

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2015
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031