Bitxi eta ordulari denda bateko salmahaiaren atzetik, gizaseme ilun bat zegoen kalera begira. Neska koskor bat ikusi zuen hurreratzen. Erakusleihoaren kristalari sudurtxoa itsatsi neskatxak eta, hara!, zerbait bistaratu zuen gustagarria txit, zeren ezti-koloreko begi biek diz-diz egin baitzioten. Di-da batean dendara sartu eta, mesedez, turkesazko koilarea erakusteko eskatu zion saltzaileari; esanez, gainera: «Gure ahizpa Syrizarentzako da. Bilduko al zenidake dotore, paper polit batean?».
Dendaren jabea bazter batean zegoen eta goganbeharrez begiratu zion nexkari. Troika deitzen zioten auzo gaiztoek, infernuko demonioa baino gaiztoagoa balitz bezala. «Zenbat diru dakarzu?», galdetu zion. Neskatxoak bere poltsikotik poltsatxo bat atera zuen, korapiloez lotua. Banan bana txirikordak lasai ederrean askatu, zapia salmahaiaren gainean harrotasunez zabaldu eta: «Hau guzti hau nahikoa izango da, ezta?», esan zuen sotil asko. Txanpon txiki merke batzuk, besterik ez zen zapian.
Ondoren, lilura-tristura nahasmen, halako begirada samurrez: «Amatxo zena hil zenetik, gure ahizpak txeraz zaindu gaitu etxekook. Gaur du bere urtebetetzea. Ziur badakit koilare hau asko gustatuko zaiola, haren begien kolore berekoa da eta». Harri eta zur zegoen ugazaba; saltzailea, mutu. Zer esan? Zer egin…!? Halako batean, atzeko koartora joan eta paper zilar-kolore apainean bildu zion koilarea denda-jabeak, baita xingola turkesa-kolore batez lotu ere. Salmahaira itzulita (saltzaileak ahoa zulo eta begiak bi harri), nexkari eskura entregatu zion fardeltxoa, eta: «Tori, zuretzat –esan zion–. Kontu handiz eraman…». Jakina, kalean behera pozez saltoka joan zen neskatoa.
Egun hartan bertan, artean denda zabalik zutela, neska gazte ile hori eta begi turkesa-koloreko bat sartu zitzaien saltokira. Mahai gainean fardel erdi irekia utzi eta: «Arratsaldeon. Koilare hau hemen erosia al da?», galdetu zuen zuzen. Enplegatu ilunak itxoiteko pixka bat eskatu zion adeitasunez, eta nagusiari hots egin zion. Agudo asko agertu zen denda-jabea eta, baietz, beren bilduma esklusiboan, pieza bakan-bakanetakoa omen zela koilare hura; eta, baietz, hantxe erosia izan zela goizean bertan. «Zenbat balio zuen?», galdetu zuen neska ilehoriak.
«Barka, neska, baina ezin esan dizut hori. Zernahiren prezioak, zeinahi delarik ere, enpresa eta bezeroaren arteko isilpekoa behar du izan: hori da gure politika». «Gure ahizpa txikiak, ordea, txanpona besterik ez zeukan, trapu zaharrez egindako panpin batzuen irabazi motza. Nire soldata, berriz, apala da; ozta-ozta iristen zaigu bizi-irauteko. Etxeari eusteko habe kaxkarrak gureak… Koilare hau, berriz, ez da imitaziozkoa; eta ahizpatxoak ezin inola ordain zezakeen. Nondik, ba…!?».
Nagusi Troikak paketea hartu, txukun-txukun bildu berriro, zeremonia handiz xingola turkesa-kolorez lotu ostera eta Syrizari entregatu zion amultsuki, esanez: «Inork egundo ordain dezakeen preziorik altuenean ordaindu du zure ahizpa txikiak, zeukan guzti-guztia eman digu eta». Saltoki osoan isil-huts halako handi bat sortu zen… Gero, Syriza, Troika-ren eskuetatik fardela edo paketea edo poltsatxoa hartuta, astiro-astiro, kalera atera zen pozarren, saltoka txoratzen, bularren kontra gogotik estutzen zuelarik ustekabeko esku-erakutsi hura, zerotik zerura zeraman zera…
Bizargorri, 2015-07-08