MEDIKUENAK GERTAERA BI | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

MEDIKUENAK GERTAERA BI

Uda pasatzera etorriak omen gara mundu honetara. Eta udan, batetik, argitzetik iluntzera luzeak dira egunak; bestetik, berriz, udako bero handiari opor, festa, solas, jolas giroa dario. Horregatik, seguru asko, lagunarteko berriketaldiak ere luzeagoak eta beroagoak tokatzen dira sasoi honetan; baita etxeko bisita bilerak ere. Horietako batean, joan den igandean, gurean entzundako historia xelebre samar bi, medikuenak biak, kontatuko ditut hemen. Donostian bene-benetan gertatuak omen.

Bat.

Enpresa multinazional bat, zeinaren izenik iritsi ez zaidan, osasun arloan arduradun nagusi izendatzeko, hemengo norbaiten bila ibilia da, agidanez, hiriburu gurean. Medikua behar zuen izan, baldinbetan; baina baita jendearekiko harremanetarako abil ernea ere. Presentatu zirenen artean, proba zorrotz batzuen ondoren, hiru azken hautagai bereizi zituzten. Eta azken ataka gaizto erabakigarrian, galdera berbera egin zieten hirurei, galdera bitxi gordina: «Jendeak zutaz zer esatea nahi izango zenuke zeure gaubeilan, hilkutxan zaudenean?».

Lehen hautagaiak erantzun zuen: «Mediku handia izan naizela nire denboran; hiritar eredugarri gutxi bezalakoa; baita senar eta aita onik onena ere». Bigarren hautagaiak, berriz: «Pertsona miragarria izan naizela. Nire lanean bikain jardun dudala; eta ondorengo mendeetarako, hainbat gaitzen sendagarri, mirakuluzko asmakizunak sortu ditudala». Bi, beti parean; baina hirugarrenak hautsi zuen marka. Hitz politek salda onik ez, pentsatu zuen; eta, aholegar handirik gabe, ausarki erantzun zuen: «Nik nahiko nukeena da, zera…, gaubeilako baten batek esatea: Joño! Begira, begira: mugitzen hasi da-eta!». Berari emanik izango zioten enplegu berria: ausardiaren ostekoa, fortuna onaren bostekoa.

Bi.

Osasun azterketa egitera joan zen dama gazte eder bat, aurrez esana zioten jaun medikuarengana, pisu batera. Jendea zen itxaron gelan, zein bere txandaren zain… Bere dei hotsera, gelara sartu eta han doktore edadetu batek errezibitu zuen. Hau eta hori eta hura zazpi aparatuz aztertu ondoren: «Dena primeran duzu, emakumea. Zure bihotzak eta birikek ez dute aitzakiarik; pultsua eta odol presioa, ezin hobeto daude». Eta une hartan, jiratu eta bizkarra emanez, gehitu zuen zintzo: «Orain, faborez, utz iezadazu ikusten zuek emakumeok hainbeste alditan arazotan sartzen eta auzitan ipintzen zaituzten zera hori… Entenditzen didazu…».

Dama arropak eranzten hasi zen goitik hasi eta beheraino. Gerririk gorakoak denak lehendabizi, badaezpada, eta azpikoak ondoren. Atzenean, kuleroak ere kentzen hasia zen momentuan, mediku zaharra jiratu eta: «Ene jainko potoloa! Ez, ez, ez… Jantz itzazu zure arropak berriz ere, faborez. Nik ez dizut, nonbait, ondo adierazi. Nik zure zeraren arrastoak besterik ez nuen ikusi nahi. Nik nahi dudana da zuk erakustea niri… mingaina!». Ez zion ateraldiak gutxi erasan gure dama politari; hala ere, irri-murritza atera zuen aurpegira. Bakea beti irribarretxo batekin hasten omen delako.

Bizargorri, 2015-07-29

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2015
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031