Ilargiak bezala, lurrak ere badu bere alde ilun gorde negatiboa. Iluna beti, negatiboa maiz, gordea… gorde ahal denean. Gauzak ez daude ondo, ondo ez daudenez gauzak. Begiratu besterik ez dago eguneroko berri: gerra, gosea, ihesa, miseria; milaka errukarri nora joango, nondik sartuko, non biziko… Batzuen emigratu beharra eta besteon etorkina jaso beharra… Ez dago oraintxe atarramentu onik lurrean. Eta diferenteon arteko elkarbizitzan (ez bakarrik emigrazio eta immigrazio kasuan; baita gainerako kasu guztietan ere), diferenteon arteko tolerantzian, alegia beraz, asko esana dago dagoeneko; eta askoz gehiago dago egiteko. Gure herrian, Ormaiztegin, elkar toleratzeari elkarri toki eman esan izan zaio; eta non edo han entzuna dut “ez-tolerantea” ez du emanik esanda definitzen.
Hori Ormaiztegin, Zerainen… Ez dakit zer gertatzen den Londresen, Parisen… Herri koxkorretan, esango nuke, elkarbizitza eta integrazioa erosoago mamitu izan dela; ez, noski, kasu guztietan, baina bai gehientsuenetan. Ikusi zer dion Patziku Perurenak tolerantziaz: «Hirigune ustez zibilduenetan sortzen da tolerantzia kontua beti, intolerantzia eta basakeria nolabait herri eta herrixka zibildugabe hauetakoa balitz bezala… Hirian hagitzez zailago da nork bere bihotza “bestearen lekuan” ipintze kontu hori… Hiritarrak indiferentziarik krudelenari deitzen dio tolerantzia, eta egoismorik ustel eta bilauenari urrikalmendua».
Diferentea, hortaz, etorkina izan ala ez, hirian nahiz herrixkan, aintzat hartu behar da, haren lekuan ipini behar da (empatia, hator); diferenteari begirunea zor zaio, tokia eman behar zaio (sinpatia, jator). Baina elkarri toki emateak, Zerainen eta Parisen, bi aieka ditu, bi alde, bi mutur: bat bestearen lekuan ipini eta… bestea baten! Bestela, batek eman egiten du eta besteak hartu. «Zuk eman ta nik hartu, hori ez da pekatu…» dio kanta zaharrak. Bai hartua eta bai emana bi aieketatik gertatzen ez bada, ordea, akabo elkarbizitza, empatia, errespetua, kortesia, sinpatia…
Ormaiztegin ez baina, Londresen gertatu omen zen, agidanez, gorabehera hau. Taxiak ilaran zain… Halako batean, lehenengoari hurbiltzen zaio leihora gizaseme iman musulman fede-zale itsu horietako bat eskean, faborez, eramateko ez-dakit-nora. Atzeko eserlekuan eseri bezain pronto, irratia itzaltzeko esan zion taxilariari; kontatuz, alegia, bere erlijioak musika entzutea galarazi egiten omen ziola; Profetaren garaian, seguruxeagotan ere, ez omen zela halakorik batere, eta sinesgabeen mendebaldeko musika, berriz, are eta gutxiago! Taxilariak, gizabidetsu, irratia itzali eta autotik kanpora jo zuen. Gero, atea zabaldu zion musulmanari, irtetera gonbidatuz. «Zer ari zara!?», honek harrituta. Eta taxilariak erantzun: «Zure Profetaren garaian ez zegoen taxirik. Jaitsi zaitez, hortaz, hortik; eta egon zaitez hemen… gamelu bat agertu zain».
Istorioak gorabehera, gure lurrean ez goaz ondo tolerantzian eta elkarbizitzan, baldin elkarri toki emate horretan bietako batek lekua hartu besterik egiten ez badu. Beraz, bada, Lichtenberg zaharraren ateraldia zinezta dezakegu guk ere, okerraren beldurrik gabe: «Ziur ezin esan nezake, gauzak aldatzean egoera hobetuko denik; esan dezaket, ordea, gauzak aldatu beharko direla, egoerak hobera egin dezan». Aldatu, zenbait etorkinen jarrera ere aldatu beharko da, besteonak beste. Eta sistema, noski.
Bizargorri, 2015-08-19