MOTZA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

MOTZA

Gipuzkoak ez daki Motza-ren historia. Pedro Martin Muxika, Motza, alfer, arlote eta txarki laketua (vago, ocioso y mal entretenido), halakotzat deklaratua behintzat, Beasainen jaio omen zen (Gabirian?) 1757ko maiatzaren 14an. Urte asko baino lehen, Lazkaoko Senper-Berri baserrira eraman zuten gurasoek. Trenik eta autorik gabe, pentsa genezake ez zela apenas bere oila-lurretik aterako gaztea. Zaude horretan! Artean gazte zelarik, bere ardi, ahuntz, behor, zerri, idi, behi edota zekorrak hartuta, Goierri guztia aparte (hurbilenetik hasita, bistan da), Goiaz, Ernio, Aia, Zizurkil, Aizarna, Ezkurra, Agurain… baita Iruñea ere, maiz bisitatu izan zituen bazkalekuz bazkaleku, ganadu-tratuan, abelazkuntzan, feriaz feria.

Hazi, hezi eta ogia irabazi, beraz, baserriko ohiko lan latzen neke-azpian ibilirik izango zen umetan-gaztetan mutila, harik eta, hogeita lau urte zituela, zepo gaitzean erori zen arte behin; erori zenez behin zepo gaitzeko zorigaitzean! Zepoa, orduko botere zibil eta erlijiosoaren makina administratibo gaizto bezain petral errukigabea; zepoa, Motzak saminki egiaztatu behar izan zuena. Zeren eta, batetik, asto zakil asko dabil legelari sotanaz eta kapaz (sic) jantzia; eta bestetik, justiziarik ez dagoen tokian, arriskutsua delako libre bizitzea. Beti izan baita zintzo-, duin- eta zuzentasunaren maisu gehiago, jende zintzo, duin eta zuzena baino. Kasu, herrixketako abadea eta alkatea: esku batek garbitzen du bestea, biek begitartea.

Aszentsio Eguna zen Lazkaon. Alkatea eta apaiza (jende gehiago jiran) plazan zirelarik iluntzean, bat-batean, iskanbila hotsak aditu zituzten guztiek, handik hurbileko baratza batetik, sesio zalapartak… Gabriel Imaz eta Motza omen ziren borroka bizian, biak herritar ezagunak. Alkate jaunak laster eman zuen ordena, bi gizonak udaletxeko atarira presenta zitezela zizt. Aitaren egin orduko, herrizainak (Joxe Zabala aguazil analfabetoak) agindua jakinarazi zien bi sesianteei. Imaz zuzen joan zen kartzelako atera, badaezpada ere; Motzak, ordea, ihes eginik izango zuen. Etxera joan omen zela bai, baina kito: inon ez zen Lazkaon haren arrastorik.

Alkatea ez zegoen asuntoa ahazteko: «Nahi badu eta ez badu, emango diot muturretara!». Ordiziako eta Beasaingo festetara agertuko zelakoan, bi alkate-kideei erregutu zien, arren, Motza han inork ikusienean, preso hartzeko inondik albaitean. Ez zen, ordea, Motza agertu, sobrare… 1781. urtea zen. Ekainaren 27an gutun bat bidali zion Lazkaokoak Segurako alkateari, esanez, Santiago Eguneko festara azaltzekoa omen zela Motza hara, eta ikusi orduko, mesedez, atxilotzeko derrepente eta Lazkaora bueltan bidaltzeko agudo. Bai Motza Seguran agertu ere, bai preso hartu ere, bai atzera Lazkaora itzuli ere. Handik aurrerako onik ez zuen, nonbait, gizajoak ezagutu.

Lazkaoko kartzelan ia lau hilabete errukarri irago zituen, azaroaren 21ean azken epai-erabakia eman zitzaion arte. (“Errukarri” diot, girgiluz oinazetan, goseak, sukar bizitan, oso gaixorik eduki zutelako; biatikoa ere eman omen zioten, pentsa…). Bitartean, ugari izan ziren prokuradore, juez eta aldeko nahiz kontrako lekukoen topaketak eta adierazpenak; sarri, euskaraz derrigor, bestela ezin eta. Beti ere, mahai burutik, jostorratzak adinako kontuak eskatzen testiguei.

Batez ere, herriko erretore Frantzixko Inazio Muxika-renak, deklarazioak. Azken bi urteetan Motzak ez omen zuela Pazkoazkoa egin, ez omen zela joan izan ez meza nagusietara, ez bezperetara, ez ezertara; hortaz, sin un gran escarmiento, ez omen ziola atarramendu batere onik aterako familiari… Beste lekuko batzuek (tartean Fco. Ant. Zumalakarregi ormaiztegiarra; bai, Tomasen hamabi semeetako bat) aitortu zuten jugador de naipes perpetuo, festarik festa ibiltzen omen zela Goierrin, dirutzak noiz irabaziz noiz galduz; alderrai ibiltari, jokalari txit abil, “repinta” izenekoan (briskan?) batik bat; zorrak omen zeuzkala eginak Ezkurran, Ulibarrin eta toki gehiagotan…

Motzaren aldeko lekukoak ere izan ziren, baldinbaitere; eta deklaratu zuten, txiki-txikitatik baserriko lanetan hazia eta hezia, gerora ere, etxerako nekazaritzan ibili izan zela mutila, zintzo beti, fin asko, eginahalean, haziendak gobernatzen, ganadu buruen salerosketan; azken hamar urteetan gutxienean Senper-Berri baserrian bizi izan zela aitaordearekin eta amarekin…, eta libre uztekoa omen zela Motza. Haien esana, bost.

1781eko azaroaren 21ean eman zitzaion azken epai-erabakia, behin betiko sententzia: zortzi urtetarako zigortu zuten Espainiako erregearen zerbitzura, por tierra y por mar; zortzi urtetarako galeretara, batzuen ustez. Edozein moduz ere, hogeita hamabi urterekin libre behar zuen berriro, legera. Beraz, etxera, Lazkaora, Alegiara (andregaia zeukan herrira), Gipuzkoara itzultzea edota inguratzea normalena. Gauza agiria da; zertan esan ez dago.

Baina…, handik hogeita hamar urtera, (1810-1811, Motzak 53-54 urte behar zituenean) frantses armadak probintzia osoa mendean harturik zeukala, herrietako errolda eginarazi zuten frantsesek lehenbiziko aldiz hemen; eta…, etxekoak, auzoak eta abarrak Lazkaon bai, baina gure Motza ez da inondik inora ageri. Ez da haren paraderoaren notiziarik. Gipuzkoak ez daki haren egien eta hezurren berri, norbaitek hautsak harrotu bitarte. Hauxe da, bada, beste kasu bat Orixe-rena: «Minaren esan ezina eta ezin esanaren mina». Motza da, bai horixe!

(Patxi Albisu, Hondarribian bizi zaren Errenteriar laguna, zuri esker hau guztia).

Bizargorri, 2015-09-16

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


septiembre 2015
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
282930