SOINU, JAIZKIBELEKO LEIZE-GIZONA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

SOINU, JAIZKIBELEKO LEIZE-GIZONA

Duela ehun eta berrogei urte jaio zen, 1875ean, Prudentzio San Sebastian, «Soinu» ezizenez ezagutua, ala Bidasoako partean nola Espainia osoan ere. Miragarria bezain ikaragarria da gizon haren historia latza, nik hemen labur-zurrean kontatuko dudana, Hondarribiko festa-aldizkarian, «Soñu, el Robinsón del Bidasoa» goiburupean, aurten atera zenaren haritik.

Donostiako ama-etxe batera jasoa izan zen jaio berri. Osasunez herbal, bertan haurretan hazia izan ondoren, oso gazterik Oiartzungo baserri batera entregatu zuten morroi. Batetik sasiko, bestetik morroi, eginbide ugari eta eskubiderik batere ez, horixe tokatu zitzaion gizajoari. Gainera, gorpuzkera ahulekoa izaki, errukarri ibilirik izango zen urteetan baserri batetik bestera mutil ogipeko, guztiek baztertzen zutelarik esanez: «Ez diat alde egiteko esango, baina hortxe duk atea». Orduan ere, duintasunaren maisu gehiago zen euskal herriotan, jende duina baino.

Denborarekin, ez zer lan eta ez zer jan, kale gorrian, estuasunak eta goseak erasanda, eskale hasi beste erremediorik ez zuen izan. Kale-kantoian eskean edo etxeren batean ate-joka jartzen zelarik, bereak eta asto beltzarenak entzun behar izaten zituen: «Alferra halakoa! Ez al dik lotsarik ematen? Alde hortik, bizkarra berotzea nahi ez baduk…!». Inork ez zeukan ezertan. Beraz, ume-gizon-andre madarikatuengandik ihesi, gose latzarekin flakiak jota, Oiartzun ingurumariko mendietara joanik, belarra jateari eman zion, besterik ez eta. Gauak begia beltz; gabea, beltzago.

Ibilian-ibilian, ezkututik ezkutuagora, Jaizkibelera ailegatu zen; eta han, Biosnarren, Zezentegi izenez ezagutzen dugun leize-zulora. Soineko arropa maiztuak, labain xahar motz bat eta puntapaxa bi: ez zeraman berarekin besterik deus. Lapak eta lanpernak jaten hasi zen. Egun batean, ardi bat ikusi, gainera salto egin, lepotik heldu eta akabatu egin zuen labainaz. Amorratuta jan zuen haren haragia, gordinik. Ez zion onik egin eta gaixotu zen zeharo, hiltzeko zori xamarrean egoteraino.

Taktikaz aldatu beharra izan zuen. Ardiren bat harrapatzen zuenean, aurrena txitxi bigunenak jaten zizkion: gibela, bihotza… Gainerako haragia haga batetik zintzilikatzen zuen, samurtu zedin haizetan. Ardi bakoitzak bizpahiru astetarako balio izaten zion. Ardirik ezean, beharko berriz ere lapak eta belarrak jaten hasi… Zortzi bat hilabete pasa zituen hala. Soineko arropak zirtzildu erabat eta ardi larruz janzten zen. Hanka-hutsik zebilen. Ileak eta bizarrak, berriz, atera kontuak zenbat zitzaizkion luzatuko eta matazatuko…!

1903ko abenduaren lehen egunetako batean, leize-zuloan zegoela lasai, hoska eraso zioten kanpotik: «¡Salga! ¡Salga!». Bi karabinero ziren, beren fusil eta guzti. (Antza, Artzuko Nogera eta Otermin baserritarrek, ardiak falta zitzaizkiela-eta, basati iletsu bat ikusi omen zutela-eta, parte emanik izango zuten). Soinu geldi-geldi, mutu… Handik derrepentean ateratzen ez bazen, dinamitaz lehertuko omen zutela leizea eta, izuturik noski, beharko atera. Alemana edo ingelesa edo frantsesa ote zen galdegin zioten larruz bildutako ile-bola hari. Eta ezetz, gipuzkoarra omen zela.

Jaizkibeleko leize-gizona piska bat txukundu ondoren, Hondarribiko udalera eramana izan zen. Herri guztia kalean omen zen basapiztia iletsu deabru hura ikusteko, disfrutatzeko… Handik gero, Donostiako ospitale batera eramana izan zen, ez dakigu noiz arte; eta handik geroago, Oiartzunen ageri zaigu historian berriro, bizi-bizirik, mojen babes-etxean, hirurogeita bost bat urterekin (argazki batean ageri da bere txapel txiki, aurpegi mehe, makila zabar, zaku-jantzitan umilik).

Umeek, orduan ere, burla eta irain egiten zioten kalean ikusi aldiro… Jendeak badaki madarikatua izaten; umeek badakite infernuko demonioak baino ere gaiztoagoak izaten. Denek ere Soinu gazteari muzin egin zioten; Soinu xaharrari, esker gutxi. Hala ere, gure Soinuk azkenean bazeukan non zer jan, nora zintzo bildu; gaitzerdi. Madarikatuak madarikatu, demonioak demonio, hala eta guztiz ere, bere burua inork ez du gaizki irizten. Biba, beraz, hi!

Bizargorri, 2015-10-21

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2015
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031