ETXEPEKOON ALDARTEAK | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ETXEPEKOON ALDARTEAK

Lau egun ez dira oraindik bete: joan berri zaigun urriaren hondarrean, Navarra, 100 días de cambio programa berria eskaini zuten ETB-2an euskal herrietarako; baita Iruñerrirako ere, aspaldiko partez. Han ziren Miguel Sanz, Juan José Lizarbe, Patxi Zabaleta eta Juan Cruz Alli, lau nafar, nafarren gainean hizketan. Lingua navarrorum gorabehera, gaztelania batuan egin zen jarduna, jakina, lingua hispaniensis hordago derrigorrezkoan. Hala beharra, akaso. Paso. Tantoa zuentzat; jaso.

Hitz eta pitz, galde eta blaga, gauza askori haize eman zitzaion telesaio hartan. Uxue Barkoxek, kasu, «Inork badu kanbiorik Nafarroan?» galderari, «Neronek!» erantzun zion. «Ke no ren» traza hartu nion nik. Izan ere, 500 urte luuuzeetako zauria gaitz da 100 egunetan sendatzen; etxepekoon artean, gaitzago. Guztiok aldarte oneko bageunde, sikiera…! Miguel Sanzek, bestalde, bi besoak airean zituela, zera aitortu zuen: «Nik egundo ez diot UPNko inori ¡que vienen los vascos! aditu». Bai, ordea, ¡que se vayan!, beste xederik ez da-eta partidu horren programa sekretuan. Etxoei erreparatu besterik ez dago joan deneko urte askoan…

Beste behin Sanzek berak esana da, 1512an gauzatu omen zela, zorionean gauzatu ere, Nafarroa behin betiko Espainian txertatzea, autonomia forala eta espainola sortuz. Hori da bat! Eta Yolanda Barcinak ondoren erantsi ziona ere gogoan dut: «Euskal Herria con Navarra nada tiene que ver». Hori bestea, hortik honakoa, alafede! Halakoak eta beltzagoak ere maiz entzun behar izan ditugu nahigabe gordinez geure etxepekoengandik. Eta historia irabazleek idazten omen duten arren,  ikasarazi digutenez beste, egia historikoak argi ikusten ditu azkazal-erdi bateko kopeta duenak. Agramondarra izan edo beaumondarra.

Nafarroa konkistatua izan zen; Araba eta Durango-aldea eta Gipuzkoa galduta lehenbizi; 1512an gero, berriz, inbaditua, armaz azpian hartua. Noainen, 1521eko ekainaren 30ean, armada nafar-gaskoia azpiratua izan zen; 5.000 lagun hil ziren… Ehun urte lazgarri krudeletan armada gaztelarra bertan mantendu zen jaun eta jabe barrabas ondoren; batetik, gaztelu eta dorretxeak eraisten elemeniaka, eta, bestetik, nafar biztanleak zigortuz, exekutatuz, erbesteratuz, gatibu-lanetara behartuz, zerga itogarriak ezarriz, euskara inkurrioz gaitzetsiz eta esetsiz, funtzionario kastillanoak inposatuz, dokumentuak lapurtuz edota kiskaliz… Zain-hezurrak hautsi zizkioten nafar-erreinuari… Eliza Katoliko (EK, egungo EI bezain) anker zitalaren Inkisizioa aitatu gabe: Ad Abolendam! Garbiketa! Urdazubi, Zugarramurdi, Bargota, Burgi…

Xabier Jatsu (Jaso) Azpilikuetak, santu nafar unibertsalak, aitortzen omen zuen: «Euskalduna naiz amaren erditzez; nafarra, aitaren etxez». Haren etxepeko lagun sutondokoek ez zuten borondatez nafar-lurra entregatu inondik inora. Baita zera ere! Baina non den agramondarra, han da beaumondarra ere. Kanbioa, aldaketa, aldartea… Beti izan da bortxazkoa lan gaiztoa: indarka ez da lan onik. Zainak airean daude oraindik. Etxapeko batzuren batzuek ari-eta-ari ari dira zauriaren gainean piko egiten, bide makurretik, aldarte txarreko, etxepea partitu nahian… Guk euskara behar dugu eraman bandera; horrek beharko du izan etxepekoon aldarte nagusi. Hartu, tenka, tira!

Bizargorri, 2015-11-04

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


noviembre 2015
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
30