Einstein behin, 1921ean, Fisikako Nobel Sariaz saritua izan zen. Fisikaria ez ezik, goren mailako matematikari eta filosofo bikaina ere izan zen; askoren ustez, inoizko zientzialaririk handienetakoa. Baita zirikatzaile zorrotz pikaroa ere sarri-sarri. Berak esana da: «Bi gauza bakarrik daude hemen azkengabeak, infinituak: unibertsoa eta ergelkeria (tontotasun humanoa); lehenengoari buruz, baditut nire zalantzak; bigarrenari buruz, ez dago batere dudarik: hara zer nolako grinak dauden jendea gerrarik gerra eramateko, hiltzeko, xehatzeko; zertarako?, eta boterea lortzearren». Duela ia ehun urte esanak berdin-berdin balio du gaur egun; Paris lekuko, herenegun.
Einstein behin Chaplin aktorearekin elkartu zen lagunarteko bilera batean. Zer esan asko zerabilten, nonbait, guztiek ere, eta, halako batean Albertek Charlesi hala aitortu zion koadrilakoen aurrean: «Zure lanbidetik ni harritu izan nauena zera izan da beti: arte unibertsala dela zure hori: mundu guztiak ulertzen zaitu eta mundu guztiak miresten…». Eta: «Zurea askoz ere harrigarriagoa da, ba –Chaplinek-; zer esaten ari zara? Zu ia inork ulertzen ez, eta mundu guztiak miresten zaitu!».
Einstein behin, beste askotan beste askotara bezala, Frantziako eskola batera joan zen hitzaldi bat ematera. Han norekin topo egingo, eta Paul Valery idazlearekin. Begi-arte ona eginik izango zioten elkarri eta berriketa aldi bat hasi zuten biek. Une batean, ahuntza ardiari ilea eskaintzen bezala, Paulek: «Zuk, zientzia maisu -galdetu zion Alberti-, ideia berezi bitxi bat bururatzen zaizunean, zer?, zer egiten duzu? Ohar-koaderno batera idazten duzu ala aldian aldiko papertxo xahar batean?». Eta: «Nik –erantzun zion-, ideia berezi bitxi bat bururatzen zaidanean, ez dut ahanzten».
Einstein behin, hizketaldi bat eskaini berritan, kazetarien esanera jarri zen. Eta haietako batek, bizkor usteko txoro-txoroan, galdera hau egin zion zirikaz: «Erlatibitatearen legea adieraziko al zeniguke hemen denok entenditzeko moduan?». Eta Einsteinek bixkor asko: «Zuk adieraziko al zeniguke hemen, guztiok ulertzeko eran, arrautza bat nola frijitzen den?». Harritu zitzaion kazetaria eta: «Bai, bai, jakina. Garbi asko esplikatuko nuke». Orduan Einsteinek erantzuna pronto: «Ondo da; esplika iezaguzu, ba. Baina, lehendabizi, imajina ezazu hemengo inortxok ere ez dakigula zer den arrautza bat, zer den zartagi bat; ezta zer den olioa eta sua ere…».
Einstein behin giza-anderezko bilera arranditsu horietako batean zela (bilera Einsteinek beste behin), andre elegante eder batekin tokatu eta: «Zer diozu, maisu? –iradoki omen zion honek-. Gu biok ezkonduko bagina? Haurtxo bat izango bagendu? Pentsa…, haur bat nire ederrarekin eta zure inteligentziarekin!». Serio samar erantzunik izan behar zion Albert Einsteinek damari: «Begira, hara: ehuneko 50ean leudeke posibilitateak. Pentsa…, esperimentuak aldez bestera egingo balu, eta aterako balitz umea nire ederrarekin eta zure inteligentziarekin? Atera kontuak…».
Izan ere, umorea Chaplini eman diogun bezala betiko, Einsteini zientzia utzi diogu, eta kito; esanez bezala: bakoitzari berea. Guztiok dugu, ordea, denetik gutxi asko. Buru jantzi argi bezain alai jostari bizi izan zen, bizi, Einstein behin…
Bizargorri, 2015-11-18