Deban izan ginen joan den zapatuan, Esnaola Mazzantini-tarren konpainia atseginean. Eguerdiko 12:00etan puntuan, Alex Turrillas jaun aditua gidari hartuta, herriko eliza ederra bisitatu genuen txokoz txoko, kaperaz kapera. A ze nolako historia-lezioa eman zigun gizonak zintzoro aski; aho zabalik eduki gintuen ordu eta erdiz, zurturik, demontretan!
Gauza askok harritu ninduen, elizaren ederrak aparte. Zein herri inportantea izan zen Deba XIV-XV-XVI. mendeetan, balearen arrantzagatik, batetik; eta bestetik, handik partitzen zirelako Gaztelako artileak, Arrasateko burdin preziatuak, Elorrioko pikak, burdinazko orotariko armak eta lanabesak… Harritu ninduen zein familia boteretsuak zeuden orduan kosta-herri txiki hartan; batik bat, Irarrazabal eta Sasiola (oinaztarra eta ganboarra; hori beste historia…). Eta zeharo harritu ninduen, arraioa!, zenbat mugitzen ziren batetik bestera jauntxook hainbeste lur eta ur zabaletan zehar: Debatik hasi eta Montevideo, Txile, Madril, Murtzia, Iruñea, Flandes, Londres… Nora ez, ene! Eta buelta berriz ere Debara. Nola, baina, garai haietan, ontziz eta zaldiz!
Eta, besteak beste, zeharo harritu ninduen Sasiola dorretxeko jaun-andre ontzijabe, kortsario, merkatari aberatsen historiak… Hangoxea zen, esaterako, Jofre Ibañez Sasiolakoa, zazpi hizkuntzen jakitun, Debako alkate, hamaika titulu handiren jabe (kortsario, salerosle, Madrilgo Ministro Nagusi, Gaztelako Diruzain, Espainiako eta Ingalaterrako erregeen adiskide…). Jaun Jofre debar hau izan omen da munduan estatutik estaturako lehen enbaxadore finkoa; jaun Jofre debar honexek eraman omen zuen Madrildik Londresera Errege-Erregina Katoliko deituen alaba Katalina Aragoikoa (1485-1536) Arturo Gales-ko Printzearekin ezkontzera (1501). Ezkondu eta bost hilabetera senarra hil eta 1509an haren anaia Enrike VIII.a famatuarekin esposatu zen…
Hortik aurrera, jakina denez, sesioa eta liskarra franko, hala gortean bertan nola menpekoen artean ere. Senar-emazteei alaba jaio zitzaien, Maria I.a Ingalaterrakoa, Maria Tudor izenez ezagunagoa (1516-1558). Enrike VIII.a (semerik sortzen ez ziolako emaztearekin tirabiraka eta herraz; ai, haren dohakabea!; ala aitzakia?) Ana Bolenarekin maitemindu zen. Aita Santuari dibortzioa behin eta berriz erregutu zion; honek, ordea, ezetz. Erregeak, hortaz, Erromarekiko harremanak eten egin zituen haserre, katolikoak gaitzetsi sutsu, zigortu gogotik, eta anglikanismoa (nahiago bada, protestantismoa) ezarri zuen bere lurretan nahitaez… Historia jakina hori ere.
Hil zen Enrike VIII.a, palazio beteko gizona. Orduan, Ingalaterra eta Irlandako Maria Tudor erreginak, zer egingo?, eta bere aita zenaren erreforma erlijiosoak atzera bota eta Erromako Aita Santuarekin bat egin zuen berriz, 1554ko San Andres egunean, hain juxtu. Protestanteen bazterrak jo eta su garbitu zituen, baita hirurehun abade disidente garretan erre ere erruki gabe. Hortik datorkio betiko geratu zaion goitizena, Bloody Mary, esan nahi baitu, Maria odoltsu… Hortik omen dator ere, batzuentzat, tomate-zukuz eta vodkaz egiten den edari mundu osoan famatua, Bloody Mary-a.
Mundua zein txikia den. Zer dago, bada, Debako Sasiolatik Londreseko Bloody Maryra? Zer!? Ezer gutxi: lurrez zaldizko edo urez ontzizko joan-etorri aspaldiko bat. Horixe da handia!
Bizargorri, 2015-11-25