KOMUNEAN | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

KOMUNEAN

Herenegun izan zen; astelehena. Giro argi ederreko haize epeletan Durangora nindoan azoka zahar beti berrira (50. DA!), «Liburu baten bila gabiltza txoratzen…!» kantari, itzulpenetan baino itzul-pozetan pentsatuz gehiago; jende gehiegi izatea oztopo izaten den arren, herri txikia garenez, elkar elikatu behar omen dugula eta…

Zarautzko ordainlekura orduko, hesteak estu sentitu eta larri ailegatu nintzen prakak askatzera Itziarreko atseden-tokira. Hango auto pila, kamioi ilara, jende emana… Gasolindegiko komuna berehala harrapatu nuen; baita ate nagusia agudo zabaldu ere. Gizasemeona alde batera… Sartu, eta aurrez aurre bi komun: bi ate azpi-ireki… Batean, oinetako muturrak ikusi bainizkion, baten bat bazen bere egitekoetan. Bestean, aldamenekoan, sartu nintzen hortaz, presaka… Hartan, ondoko komunekoak:

—Zer moduz? Ondo, ala…?

Ez naiz ni ezezagunekin berriketan hasi zale, ez si eta ez no; are gutxiago, komunetik komunera. Baina abenduko lehen egunak halakoxeak izaki, aleunka jende Durangoko azokara eta, zergatik ez?, «Erantzun egingo zioat ba» nire baitan eginda:

—Baaa…, ni, ondo –bueltatu nion-. Eskerrik asko.

—Zer zabiltza? Nondik nora? –berak.

«Zer arraio dik honek!?», nire baitan berriz ere. «Hau ez zagok burutik sano». Tontakeria iruditu zitzaidan harekin hizketan hastea, baina erantzun egin nion:

—Baaa…, seguru asko, zeu bezala Durango aldera, akaso.

—Jakin al liteke zertara?

Gaitzitzen hasia nintzen, eragaitz sentitzen; eta haserre antzean erantzun nion:

—Zertara? Liburua ez bada, diskoa; eta diskoa ez bada, pintxoa… Zerbait, behintzat, ikustera, ukitzera, usaintzera, erostera…

—Bai, bai. Aupa, aupa! –berak-. Izango duzu, noski, negozio horretan guztian parterik eta irabazirik, ala? Ez zaude zu, ez, bizkorkilo makala!

—Baaa…, bai. Eder suman noa. Irabazi handiak espero ditut aurten –erantzun nion ironiaz-. Badirudi, aurtengo hau ikusita, salbatuta gaudela.

—Aizu, aizu…! –besteak-. Begira: geroxeago hots egingo dizut berriz. Nire telefono honi bateria agortzen ari zaio, bai?, eta eten beharra dago derrigor… Gainera, hemen aldamenean badaukat txilibitu txaldan bat, nik zuri galdetzen dizudan guzti-guztiari aldiro-aldiro zerbait ere erantzuten ari dena. Halakorik sekula…! Gero arte.

—!!!??? –ni neu, jakina, aho zabalik.

Libratuta, baina. Eta nire baitan, orduan, halaxe egin nuen hirugarren aldiz: «Donostian Donosti; gorostian gorosti; eta komunera… kakagitera!».

Bizargorri, 2015-12-09

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2015
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031